Zabalik da Iruñeko VI. Bertsopaper Lehiaketan sormen lanak aurkezteko epea
Martxan da Iruñeko VI. Bertsopaper Lehiaketa. Aurreko urteetako bideari eutsiz, seigarrenez antolatu dute sariketa Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak elkarlanean, bertso idatzien sorkuntza sustatzeko asmoz.
Nafarroan jaiotako edo Nafarroan bizilekua duten egileek parte hartu dezakete, hiru kategoriatan: txikiena, 2012an edo ondoren jaiotakoentzat; gazteena, 2008 eta 2011 urteen artean jaiotakoentzat (biak barne), eta helduena, 2007an edo lehenago jaio direnentzat. Kategoria bakoitzak sari ezberdinak izango ditu. Lehenengoan, 50 eta 150 euro arteko kultur bonoak oparituko dira. Bigarrenean, 150 eta 350 euro arteko diru-sariak. Eta hirugarrenean, 500 eta 1.500 euro artekoak. Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak, gainera, helduen kategorian lehen saria eskuratzen duen obran oinarrituta ikuskizun edo emanaldi bat ekoizteko eskubidea gordeko dute, interesekoa suertatzen bada.
Cesar Etxeberriak, Joan Diaz de Menbilek eta Nerea Bruñok osatuko dute epaimahaia, Nafarroako Bertsozale Elkarteak hala proposatuta.
Iruñeko Udalaren Kultur Sailaren webgunearen bitartez aurkeztuko dira lanak, azaroaren 28ra bitarte.