Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Martxan da Iruñeko II. Bertsopaper Lehiaketa

2021/05/05
Iaz abiatutako bidetik, aurten ere antolatu dute Iruñeko Bertsopaper Lehiaketa Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Irailaren 30era bitarte izango da lanak aurkezteko epea, hiru kategoriatan.

Urte luzeetan, Iruñeko Egile Berrien Lehiaketa barruko modalitateetako bat izan da bertsopaperena. Pasa den urtetik, ordea, lehiaketa propioa du bertso idatzien sorkuntzak. Iaz abiatu zen Iruñeko Bertsopaper Lehiaketa, eta lehen urteko arrakastaren ostean, abian da bigarren edizioa.

Nafarroan jaiotako edo Nafarroan bizilekua duten egileek parte hartu dezakete, hiru kategoriatan: txikiena, 2008an edo ondoren jaiotakoentzat; gazteena, 2004 eta 2007 urteen artean jaiotakoentzat (biak barne), eta helduena, 2003an edo lehenago jaiotakoentzat. Kategoria bakoitzak sari ezberdinak izango ditu. Lehenengoan, 50 eta 150 euro arteko kultur bonoak oparituko dira. Bigarrenean, 150 eta 350 euro arteko diru-sariak. Eta hirugarrenean, 500 eta 1.500 euro artekoak. Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak, gainera, helduen kategorian lehen saria eskuratzen duen obran oinarrituta ikuskizun edo emanaldi bat ekoizteko eskubidea gordeko dute, interesekoa suertatzen bada.

Amaia Telletxeak, Mikel Beuamontek eta Sustrai Colinak osatuko dute epaimahaia, Nafarroako Bertsozale Elkarteak hala proposatuta.

Iruñeko Udalaren Kultur Sailaren webgunearen bitartez aurkeztuko dira lanak, irailaren 30era bitarte. Ondorengo loturan kontsultatu daitezke lehiaketaren oinarri osoak.