Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Iraun Zestauk, Kattin Madariagak eta Ander Fuentesek irabazi dituzte Iruñeko III. Bertsopaper Lehiaketako sari nagusiak

2022/10/14
Guztira, 39 egilek hartu dute parte aurtengo lehiaketan, 43 lanekin, hiru kategoriatan banatuta. Amaia Telletxeak, Joseba Beltzak eta Saioa Alkaizak osatu dute epaimahaia, Nafarroako Bertsozale Elkarteak proposatuta.

Ebatzi da Iruñeko III.Bertsopaper Lehiaketa. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatutako lehiaketan 39 lagunek hartu dute parte (19 emakume eta 20 gizon), 43 lan ezberdinekin (31 A kategorian, haurrenean; hiru B kategorian, gazteenean; eta bederatzi C kategorian, helduenean). Horietatik, bederatzik eskuratu dute sariren bat, Amaia Telletxeak, Joseba Beltzak eta Saioa Alkaizak osatutako epaimahaiaren ebazpenaren arabera.

A kategorian, 2009 edo ondoren jaiotakoenean, Iraun Zestau Telletxeak eskuratu du lehen saria, Amilotxa izeneko lanagatik. Epaimahaiak "hiztegiaren aberastasuna" nabarmendu du, eta "hizkuntzaren erabileran erakusten den heldutasuna". Bigarren saria Araia Irigibel Terrerosentzat izan da, Lagunekin parrandan lanean "gazte baten egunerokotasunaren eta aisialdiaren erretratu fidela" egiteagatik. Hirugarren saria Dorleta Larrayoz Osteritzen Aliena lanarentzat izan da. "Originaltasun handikoa" eta "dibertigarria" da bertso sorta epaimahaiaren iritziz. Kategoria honetako irabazleek 150, 100 eta 50 euroko kultur bonoak eskuratu dituzte, hurrenez hurren. 

B kategorian, 2005 eta 2008 artean jaioetakoenean, hiru lan aurkeztu dituzte. Kattin Madariaga Apaolazaren Uda lanak eskuratu du lehen saria. "Teknikoki oso txukuna, ongi kontatua, eta bisio erralista bat dakarrena" da sorta, epaimahaiaren arabera. Bigarren saria Ziortza Goia Mitxelenaren Iruzkin pozoinduak lanarentzat izan da. "Gaiaren trataera" nabarmendu du epaimahaiak, bai eta "egilearen ahotsetik beste baten kontakizuna transmititzeko erakutsitako gaitasuna" ere. Hirugarren saria, azkenik, Loitzate Goñi Elortzak eskuratu du, Gurasoak lanarengatik. Irabazleek 350, 200 eta 150 euroko ordainsariak eramango dituzte, hurrenez hurren.

C kategorian, 2004 edo lehenago jaiotakoenean, helduenean alegia, Ander Fuentes Mujikak irabazi du lehen saria, Iluntzean lanarekin. Epaimahaiaren hitzetan, "lan sendoa da, ideia bat garatzen doana puntuz puntu (...). Gertakariak baino, deskribapen bat du oinarri lanak, depresioaren gaia eta iluntzen den pertsona baten berri emateko. Atmosfera hori oso ongi transmititzen du bertso sortak". Gainera, "teknikoki lan aberatsa" dela ere nabarmendu dute.  Bigarren saria Eneko Fernandez Maritxalarren Aurkia eta ifrentzua lanarentzat izan da. Epaimahaiak, kasu honetan, lanaren egitura nabarmendu du, "doinu ezberdinak erabiltzeko egindako hautua, eta pertsona beraren bi gai kontatzeko bi ahots erabiltzeko hartutako bidea". Zentzu horretan, forma aldetik "originala" dela adierazi dute. Hirugarren saria, azkenik, Eider Azkoaga Gomezentzat izan da, Erraietatik lanagatik. "Lanaren sinesgarritasuna" nabarmendu du epaimahaiak, eta "gaixotasuna modu apal eta normal batean -eta ez modu tremendista batean- kontatzeko gaitasuna" txalotu diote.  Irabazleek, 1.500, 1000 eta 500 euroko sari bana irabazi dute, hurrenez hurren.

Saritutako lanak irakurtzeko, sakatu hemen.

Ander Fuentes Mujika "Itturri", helduen kategoriako irabazlea.