Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Iritsi dira Bardoak Nafarrora

2018/01/20
Guztira, 16 talde eta 113 parte hartzaile ariko dira 2018ko Nafarroako taldekako bertso egitasmoan. Otsailaren 2an Beran abiatu eta martxoaren 24an bukatuko da, Lekunberrin. Beste behin ere, auzolana izango da giltzarri.

2012an sortu zen Bardoak, Nafarroako taldekako bertso egitasmoa, herrialdeko bertso-eskolen sarea indartu asmoz. Ordutik, bi urtean behin antolatzen da, auzolana eta talde lana oinarrian jarriz. Modu horretan, bertsolaritza beste modu batera lantzeko aukera ematen da, bertsolari eta bertsozaleen harrobia sustatuz, gune berriak barneratuz eta molde parte-hartzaileak praktikan jarriz.  Hiru edizio arrakastatsuren ostean, laugarrenez jokatuko da aurten taldekako txapelketa. Otsailaren 2an abiatuko da Beran, eta martxoaren 24an bukatu, Lekunberriko Toki Alai Sagardotegian egingo den finalarekin. Finala, lehiaz harago, Nafarroako bertsolaritzaren eta euskal kulturaren festa handia izango da.

Gaur aurkeztu da txapelketa Iruñean, Nafarroako Bertsozale Elkarteak pasa den urteko balantzea eta 2018rako egitasmoak eta aurrekontua aurkezteko egindako batzarraren barruan. Elkarteko bazkideak eta Bardoetako parte hartzaileak izan dira bertan.

Bere xumean, handia da Bardoak 2018. 16 talde eta 113 parte hartzaile izango ditu, eta horietatik 74 izango dira bertsolariak. Beteranoak gazteekin nahasiko dira, eta ibilbide luzekoak hasi berriekin aterako dira plazara. Osotara, 23 saio izango dira. Kopuruek ongi erakusten dute Nafarroako bertso mugimenduaren osasuna. Are, bertsolaritzaren transmisioan jarritako arreta eta indarraren fruitu dira. Bestelako gailurren oinarri dira bertso-eskolak eta tokian tokiko plazak, eta oinarri hori sendoa dela erakusten du Bardoak 2018 egitasmoak. Horren bidetik etorriko dira fruitu berriak ere.


Talde lana, oinarrian
Bertso-eskoletatik abiatuta, bertso-eskolen sarea eta bertsozaletasuna indartzeko xede du Bardoak 2018 egitasmoak. Era horretan, bertsolari eta bertsozaleen harrobia berritzea da helburu, bertsolari berriei plazak eskainiz eta esperientzia handiagoko bertsolariekin kantatzeko aukera emanez, eta hala, bertsoaren sarea trinkotuz. Era berean, bertsozaleari bertsolaritzaz gozatzeko aukera berritzailea eskaintzeko asmoa du ere Bardoak 2018 taldekako egitasmoak, Nafarroako kultur eskaintzan bere tokia egonkortuz.

Hamasei talde parte hartzaileak bost multzotan egongo dira banatuta. Hala, talde bakoitzak bere multzoko bi talderekin egingo ditu saioak, bat “etxean” eta bestea “kanpoan”. Bigarren fasera multzo bakoitzeko talde bana eta F multzoko bi talde pasako dira, guztira sei talde. Bigarren fasean joan-etorriko saioak antolatuko dituzte taldeek, eta hiru sailkatuko dira finalera. Finala salbu, saioak elkarte girokoak izango dira, hurbilak, gozoak eta berritzaileak. Kasu gehienetan, gainera, saio horiek otorduekin osatuko dira.

Aurreko edizioetan bezala, talde lana eta auzolana izango da ekimenaren oinarria. Gutxienez bost partaide ditu talde bakoitzak: hiru bertsolari, gai-jartzaile/aurkezlea eta taldeko ordezkaria. Hortik aurrera, nahi adina kide. Taldeak halaber, eskualdekako bertso-eskolen arabera osatu dira. Hori dela eta, talde lana da bertsolariek saioetan egin beharko dutena, denen artean banatu beharko baitituzte egin beharreko ariketak. Ibilbide luzeko bertsolariak zein hasi berriak nahastuta, taldeak izango du garrantzia.

Sarean antolatutako egitasmoa izanda, taldeen artean banatuko dira txapelketako zereginak. Hala, talde bakoitzak gutxienez bi saiotan kantatzeko ardura izango du, beste multzo bateko saio baterako gaiak prestatuko ditu, eta azkenik, beste saio bat epaitzeko ardura izango du. Horiekin batera, entzuleek ere izango dute saioak epaitzeko


Iritsi dira Bardoak plazara, haien kantua entzunaraziz. Haiekin gozatzeko tenorea da.

 

 

2018ko Bardoetako parte hartzaileekin batzarra eta aurkezpena egin du gaur Nafarroako Bertsozale Elkarteak.