Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Gipuzkoa

Xabier Gaztelumendik jantziko dio txapela aurtengo irabazleari

2019/12/04
Urte luzetan borondatez egindako lan isila aitortu eta eskertu nahi dio horrela Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak.

Aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako irabazleari Xabier Gaztelumendik (Añorga, 1961) jantziko dio txapela, abenduaren 14ko finalean. Bertsozalea betidanik izan den arren, Bertsozale Elkartea barru-barrutik ezagutu eta bizi izan du Xabierrek: 2002tik Elkartean inurri lan nekaezinean aritu da; lehen 8 urtetan diruzain izan zen, eta hurrengo 8 urtetan, berriz, idazkari. Bitarte horretan Zuzendaritza Batzordeko kide izan da, Batzorde Ttipiko kide, eta eguneroko lanak eta kontu operatiboak kudeatzen aritu da Administrazio Saileko langileekin.

Ezinbesteko lanak eta gehiago egin ditu Xabierrek, borondatez, eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak omenaldi berezi hau egin nahi izan dio finalean, berak egindako lana itzulezina bada ere, fokupera ekarri eta merezimenduaren aitortza gisa.