Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Gipuzkoa

Tolosan izango da azken finalaurrekoa

2019/11/26
Igandean, abenduaren 1ean, jokatuko da hirugarren eta azken finalaurrekoa Tolosako Usabal kiroldegian; sarrerak agortuta daude.

Badoa bidea bukaerara iristen. Tolosak hartuko du abenduaren 1ean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren azken finalaurrekoa. Usabal kiroldegian izango da saioa 17:00etatik aurrera eta han erabakiko da zeintzuk izango diren abenduaren 14an finalean kantatuko duten bertsolariak, zuzenean sailkatuta dauden Agin Laburu eta Beñat Gaztelumendirekin batera.

Hurrengo seikotea ariko da kantuan igandean:

• Oihana Iguaran Barandiaran
• Jon Maia Soria
• Jokin Uranga Isuskiza
• Iban Urdangarin Lardizabal
• Beñat Lizaso Alberdi
• Haritz Mujika Lasa

Aurkezle lanak Saroi Jauregi Aiestaranek egingo ditu eta epaimahaiko kideak hurrengoak izango dira: Aitor Gereñu Agirre, Eneritz Azkue Basurko, Leire Beloki Lizarralde, Mikel Lersundi Ayestaran eta Mikel Urteaga Azkue. Idazkari lanetan, berriz, Ane Errazkin Aranburu eta Joxemari Altuna Berridi ariko dira.

Saioko irabazlea zuzenean sailkatuko da finalera eta gainontzeko bertsolariek puntuazioaren arabera edukiko dute horretarako aukera.

Finalaurrekoetako saioetan bertsolariek egin beharreko lanak honakoak izango dira:

• Binaka, gaia emanda, hamarreko handian hiruna bertso.
• Binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso.
• Binaka, gaia emanda, sei puntuko motzean hiruna bertso
• Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte.
• Kartzela: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.


Tolosako finalaurrekorako sarrerak agortuta daude, baina finalekoak eskuragarri daude, oraindik, www.bertsosarrerak.eus webgunean.