Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Arrasaten jokatuko da lehen finalaurrekoa, igandean

2019/11/12
Azaroaren 17an jokatuko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren lehenengo finalaurrekoa Arrasaten. Iganderako, beste finalaurrekoetarako zein finalerako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Iritsi dira finalaurrekoak. Arrasateko Uarkape pilotalekuan jokatuko da igandean lehenengoa, 17:00etatik aurrera. Hurrengo seikotea ariko da bertsotan:

• Eñaut Martikorena Lizaso
• Agin Laburu Rezola
• Nerea Elustondo Plazaola
• Unai Mendizabal Jauregi
• Iñaki Apalategi Astigarraga
• Unai Gaztelumendi Arandia

Aurkezle lanak Iker Iriarte Iribarrek egingo ditu eta epaimahaiko kideak hurrengoak izango dira: Aitor Gereñu Agirre, Eneritz Azkue Basurko, Leire Beloki Lizarralde, Mikel Lersundi Ayestaran eta Mikel Urteaga Azkue. Idazkari lanetan, berriz, Joxemari Altuna Berridi eta Silvia Etxaniz Alberdi ariko dira.

Saioko irabazlea zuzenean sailkatuko da finalera eta gainontzeko bertsolariek puntuazioaren arabera edukiko dute horretarako aukera.

Finalaurrekoetako saioetan bertsolariek egin beharreko lanak honakoak izango dira:

• Binaka, gaia emanda, hamarreko handian hiruna bertso.
• Binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso.
• Binaka, gaia emanda, sei puntuko motzean hiruna bertso
• Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte.
• Kartzela: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.


Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean eta, aurrez agortzen ez badira, txarteldegian ere eskuratu ahal izango dira igandean bertan, 16:00etatik aurrera.