Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Finala zelan jarraitu

2023/12/15
Bihar, abenduaren 16an, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala jokatuko da Bilbao Arenan. Bertaratuko ez direnek ere aukera izango dute finala jarraitzeko: hedabideek jarraipen zabala egingo diote.

2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa finalaren atarian da. Bihar jokatuko da, 17:00etan hasita, Bilboko Bilbao Arenan. Finalak jarraipen zabala izango du komunikabideetan: zuzenean, zein hurrengo egunetan.

Finala jarraitzeko bideak

  • Telebistan: Zuzenean, 16:45etik aurrera, ETB4 katean. Ilaski Serrano ariko da aurkezle, eta Ainhoa Urien Telletxe izango da iruzkingile. ETB1-ek, gainera, finalaren buruz-burukoa ere emango du, zuzenean. Bestalde, biharamunean, abenduak 17, Hitzetik Hortzera berezia emitituko da, 15:00etan ETB1en, finalaren laburpena eta txapeldunaren elkarrizketarekin.
  • Internetenwww.eitb.euswww.bertsoa.eus eta www.berria.eus ataritan emango da saioa zuzenean, streamingez. Bertsoa.eus-ek, gainera, biharamunean jarriko du bere atarian finaleko bertsoaldien hautaketa. Gainera, txapeldunari eta gainerako finalistei egindako elkarrizketak ere jarriko ditu ikusgai.
  • Irratiz: Uhinen bitartez ere lau haizetara zabalduko da biharko finala. Bilbo Hiria Irratiak zuzeneko emanaldia egingo du Bilbao Arenatik bertatik, Ane Zabala, Galder Perez, Erlantz Ibargurengoitia eta Liher Barrantesen ahotsetan. Zuzenean arituko da, baita ere, Naiz Irratia Eli Pagola eta Josune Aramendirekin, eta Laixiar Irratia Igor Galarza, Eneko Abasolo Abarkas, Ander Duñabeitia eta Aimar Legorbururekin. Bestetik, Euskadi Irratiak, eta Bizkaia Irratiak hainbat konexio egingo dituzte arratsaldean zehar.
  • Bestalde, hainbat dira finala aretotik bertatik jarraitzeko akreditatu diren hedabideak, beren paperezko ale, webgune eta sare sozialetan txapelketaren berri emango dutenak.

                Twitter Facebook Instagram