Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Araba

Giro bikaina Kuadrillarteko bigarren asteburuan

2020/02/03
Larunbatean eman zitzaion jarraipena Kuadrillartekoari bi saiorekin. Bi saio jokatu ziren Zalduondo eta Gasteizen. Asteburu honetan ere umorea eta giro ederra nagusitu dira, Kuadrillarteko senari jarraiki. Lautadako ahuntzak (Zalduondo) eta Sumendiola bete poto (Gasteiz) taldeak izan dira garaile saioetan.

Saio hauen informazio gehiago eta argazkiak hemen aurkituko dituzu

https://www.bertsozale.eus/eu/araba/bertso-kuadrilla-artekoa/saioak/otsailak-1-zalduondo 

https://www.bertsozale.eus/eu/araba/bertso-kuadrilla-artekoa/saioak/otsailak-1-gasteiz-errexala

Hona hemen saio bakoitzaren talde antolatzailearen kronikistak bidalitakoa:

 

Lautadako ahuntzak eta Gorbeialdeko azkenak

D ligako lehen saioa, pasaden larunbatean, otsailak 1 jokatu zen Zalduondoko Zeledon Toki Elkartean. 14:00ak inguru gerturatu zen jendea elkartera, baina askoz lehenagotik zeuden han etxeko taldekoak. Sua egin, ekipoa montatu, mahaiak antolatu, bazkaria sukaldatu… Labearen azken momentuko baja ez zen arazoa izan sakramentuak prestatzeko. Izan ere, hotz handirik egin ez arren, bertso bazkarira gerturatu zirenek, babarrun goxoekin berotu zituzten barrenak.

 

Familia giroan bazkaldu eta gero, urduritasuna agertzearekin bat ekin zioten bertsolariek abesteari. Lehenik, idatzizko modalitateko Zalduon-Do Re Mix taldea aritu zen Rosaliari lapurtutako doinua Trikitixa eta klarinetearekin bertsionatuta. Horren ostean, bat-bateko saioaren txanda heldu zen. Lautadako ahuntzek ekipo fresko eta gaztea plazaratu zuten, lautadakoa ez zen fitxajeren bat eta guzti tarteko; Eider Adame, Oihane Perea, Aitor Najera, Markel Yoller eta Irati Anda. Gorbeialdeko azkenek ordea, esperientzia handiko taldea baliatu zuten norgehiagokan; Aitor Jiménez, Serapio López eta Unai Gomez. Saioa epaitzeko 3 kide egon ziren, elkarteko ordezkari bat eta talde bakoitzeko kide bat. Gai-emaile lanetan, neguko merkatuan lortutako azken momentuko fitxajea egon zen eta honekin batera, argazkilari lanetan, aspaldiko garaietan bertso eskolan ibilitako beste gazte bat. 20 bat entzule izan zituen saioak.

Bertso saioan aktualitateko gaiak jorratu ziren, hala nola, Coronavirusa, Zumarraundiko bidea eta aldaketa klimatikoa. Bertsolariek egin beharreko ariketak taldekako agurra, 8ko nagusia, 8ko txikia, puntuka, 4 oinak emanda, puntu erantzunak, bukaera emanda eta musikaz lagundutako koplak izan ziren. Gai gehienak umoretik hartu zituzten eta honek publikoaren barreak eragin zituen. Epaileen aburuz, Lautadako ahuntzak izan zen talde irabazlea.

Bertso eskolako gazteek lehen fila okupatu zuten eta adi-adi entzun zituzten bertso guztiak, egunen batean seguraski haiek hartuko dutelarik erreleboa. Duela urte batzuk bertso eskolan ibilitako jendea ere gerturatu zen, beraz hazia ereinda dago. Loratuko ote da?

 

Gasteizko Errexala eta Sumendiola bete poto

Ezina ekinez egina

 

Gerezti Unanuek agurrean esan bezala, askoren aletxoekin gauza politak gertatzen dira.

Larunbatekoa ere holako gau magiko bat izan zen, Errexala elkartean izan ginen 35 lagunok zati batean ahaztuko ez duguna.

Josu Vadillo aurkezleak bikain bideratu zuen saioa.

Epaimahaian Kristina ArteagaManex Garaio eta Fernando Sopelana.

Duela bi urtetako toki berean jokatutako desafioa presente egon zen hasiera hasieratik eta talde bakoitza mahaiaren alde desberdinetan eseri zen. Agurrak ere gerra usainean prestatu zituzten. Errexalakoak Star Warseko karetak jantzita eta Sumendiola Bete Potokoak, berriz, beraien tronua mantendu nahi zuten balkiriak.

Iparralde Gizarte Etxeko Bertsoaren Saltsako taldeak bertso sorta ederra taularatu zuen zaldi beltz ezagun baten doinuan euren jantzi mexikar eta guzti. Zorionak Aintzane Guridi , Josu VadilloXabi AranburuOskar Goldaraz eta Idoia Lafuente

Ofiziotan hastea Felipe Zelaieta eta Oier Lakuntzari egokitu zitzaien, zortziko handian. Lan baldintza kaskarrak zituzten bi langile izan ziren, betiko dilemarekin: kexatu eala ez kexatu. Oierrek seme-alaben janaria zeukan gogoan eta Felipek osasuna beste ezeren aurretik dagoela erantzun zion.

Txikian erregina gabeko erlauntza bateko erle langilea izan zen Julen Martiartu, eta Garikoitz Sarriugarte, erlemandoa. Garik argi utzi zion bera ez zela lanerako jaio, eta Julenek bera ere aspertu zela eta ez zuela ezti gehiago egingo.

Lau oinak emanda zortziko txiki bi osatzeko txanda heldu zen. Eider Etxeberriak Markitos oroipen magikoz oroitzen duela eta beste taldekoek berak porrot egin zezan desio arren, bera Robokop dela eta aurrera egingo duela esan zuen. Geresti Unanuek esan zuen berak ez duela ordainduko Errexala taldekoei eragingo dien kaltea.

Bukaera emanda bertsoa osatzerakoan, Maddi Juaristik osteguneko greba ez zela porrota izan eta borrokak jarraituko duela esan zigun. Ainara Balantzategik, ordea, historia irabazleak idazten duela eta horregatik liburuetan hutsune handiak daudela.

Garik Ainhoa Aizpuruak jarritako puntuekin hiru bertso osatu zituen. Coronavirusa ez zaiola heldu, baina prest daukala maionesa Musa. Beñat Garaiok esan zuen Frantziaraino joan zela maskarilla bila.

Kartzelako lana egiterakoan, Errexalakoak kalera atera zituzten Sumendiola Bete Potokoek kantatzen zuten bitartean. Igeri egiten ikasteko ikastaroaren lehen eguna zen. Igerilekura salto egiteko prest zeuden, txano eta guzti. JulenGerezti eta Beñatek burua ez sartzea zela gakoa eta mangitoa etxean utzi zutela esan ziguten. Errexalako JuanGari eta Felipek, berriz, inork ez zuen antza lehena izan nahi eta beteranoena, Juan, hain zuzen ere, bidali nahi izan zuten.

Koplaka Aita Semeak doinuan aritu ziren. Jon Zelaieta eta Oskar Goldaraz musikarien aginduetara. FelipeGari eta Juan maletak galdu zituzten Erasmuseko hiru ikasle izan ziren. Umorez hartu zuten eta bekaren dirua zerbezatan gastatzea erabaki zuten galtzontzillo zikinak jantzi behar izan arren.

MaddiOier eta Beñat bost izarretako hotel bateko garbitzaileak izan ziren. Kontatu ziguten aurkitutako gauzen artean kokaina, gepardoak eta beste taldekoek galdutako galtzontzilloak zeudela.

Ikusleen artean zegoen Jesus EtxaburuGetxori Kaxianoren Zorionak kantatu genion bere 60. urtebetetze egunean.

Agurretan aita izan berri zen Manu Bendala txalotu zuen jendeak.

Juanek epaimahaikoak bihotzez maite zituela esan arren, Sumendiola Bete Poto taldea izan zen irabazlea. Zorionak!

Aipamen berezia merezi du sukaldean eta zerbitzatzen hain trebe aritu zen talde osoak: Pedro GómezKristina ArteagaInaxio EtxeberriaBelen UrutxurtuAintzane GuridiXabi Aranburu… 12 eurotan holako afaria prestatzen ez dute Basque Culinary Centerren erakusten, ez horixe!

Argazkilari lanetan eta Facebookera informazioa igotzen Belen Urutxurtu eta Antton Bastero aritu ziren.

Jon eta Oskarrek kontzertu polita eskaini ziguten ondoren, eta txoritxo batek kontatu digunez, batzuentzat nahikotxo luzatu zen gaua.