Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Araba

Gasteizko Sumendiola bete poto eta Kakiturriko Gladioloreak taldeak 1. finalaurrekoan Agurainen

2020/02/27
Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketako lehen finalaurrekoa izango da larunbatean, Aguraingo Zabalarten 19:30ean hasita. Bertan erabakiko da Murgiako finalean, martxoaren 28an, izango den lehen talde sailkatua.

Sumendiola Bete Poto (Gasteiz) eta Kakiturriko Gladioloreak (Gasteiz) taldeak izango dira aurrez aurre larunbatean, Aguraingo Zabalarten. Mokadutxo bat eskainiko da 19:00etan eta saioa 19:30ean hasiko da. 

Sumendiola bete poto taldeko kideak Maddi Juaristi, Gerezti Unanue, Oier Lakuntza, Julen Martiartu eta Beñat Garaio. Kakiturriko Gladioloreoak taldekoak berriz, Juan Mari Juaristi, Asier Otamendi, Rikardo Gonzalez de Durana, Xabi Rico eta Ander Aranburu.

Gai jartzaile lanetan Marta Ugarte ariko da. Saioa hiru epailek baloratuko dute: Manex Garaio (Sumendiola bete poto), Karmele Madinabeitia (Kakiturriko Gladioloreak) eta Arabako Bertsozale Elkartearen izenean Fernando Sopelana.

Ondorengo ariketak egin beharko dituzte bertsolariek finalaurrekoetan:

-Agur kolektiboa (ez da puntuagarria)
-A taldeko batek B taldeko batekin ofizioka zortziko nagusian hiruna bertso
-Aurrekoak atzekoei, A taldeko batek B taldeko hiruri eta alderantziz, gai emanda, aurrekoak 3 bertso eta atzekoek bertso bana
-B taldeko batek A taldeko batekin ofizioka zortziko txikian hiruna bertso.
-Hiru punturi erantzun zortziko txikian (B taldeko bertsolariak A taldeko bertsolariari eta alderantziz).
-Asmakizuna A taldeko 3 kideen artean, puntuka, A taldeko batek hitza jakingo du eta taldekideei erantzungo die 3 minututan. Ondoren B taldekoek ariketa berdina.
-B taldeko bik A taldeko biren kontra ofizioka, Iparragirre doinua taldekidearekin erdibana osatuz, gaia emanda audio formatuan.
-Gaia emanda, talde bereko hiru lagunen artean hiruna kopla musikaz lagunduta.

Urtarrilaren 24an hasi zen Arabako Bertso Kuadrillartekoa. Guztira, bat-bateko 12 taldek hartu dute parte lehen fasean, eta lau astez 12 saio egin ondoren 6 talde pasa ziren finalaurrekoetara. Lehen finalaurrekoa Agurainen jokatuko da, bigarrena datorren larunbatean Aramaioko Sastiñan  eta azkena, martxoaren 14an Amurrioko Kultur Etxean.

Finalaurreko saio bakoitzeko garaileak izango dira Murgiako Palatu kirol eremuan, martxoaren 18an, abestuko dutenak.