Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

                   Twitter ikonoa fb

Bizkaia

Oihal txataletatik oihal erraldoira josi eta josi

2014/10/08
Bertsolariak, Talde Antolatzailekoak, gai-jartzaileak, epaileak, eta zelan ez, bertsozaleak elkartu dira Bilboko Kafe Antzokian egin den jai giroko ekitaldian.

#Josi Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren aurkezpen ekitaldia egin da gaur iluntzean Bilboko Kafe Antzokian.

Oihalean akrobaziak egiten hasi da ekitaldia, “bakoitza oihal batean dantzan” ari garelako, eta Maite Berriozabal aurkezleak azaldu duen moduan, “denon artean, txatalez txatal bertsoaren inguruan elkartzen garen oihal handia gara”.


Bizkaian egiten den transmisio beharraren erakusle, hiru bertsolari gaztek egin dute bertsotan aurkezpenean: Txaber Altubek, Asier Galarzak eta Nuria Cortadak. Txapelketa zelan ikusten duten kantatu dute bertsoaldian.

Ostean, #Josi Txapelketako mezua irakurri du Zihara Enbeitak, mezuaren egileak.

Txapelketari buruzko xehetasunekin jarraitu du ekitaldiak. Bost kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala edukiko ditu domekan hasiko den Txapelketak. Urriaren 12an hasiko da eta abenduaren 20ko finalagaz amaitu.

Komunikazio bideekin eman zaio jarraipena. Webgunearen bidez, sare sozialen bidez eta mugikorretarako aplikazioaren bidez jarraitu ahal izango da uneoro #Josi Bizkaiko Bertsolari Txapelketa.

Txapelketako bideoklipa proiektatu da gero.

Azkenik, Txapelketan beharrean ibiliko diren guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. 

RSS ikonoa Twitter ikonoa fb email