Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Nafarroa

Saats Karasatorre nagusitu da txapelketako lehen final-laurdenean, Tuteran

2019/02/09
Martxoaren 3an Atarrabian jokatuko den finalaurrekorako txartela lortu du Etxarri Anarazko bertsolariak. 140 bertsozale bildu dira Tuterako Musika Eskolan, 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketari hasiera emateko.

Tuteran abiatu da 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa. 140 lagunek bete dute Erriberako hiriburuko Musika Eskolako aretoa. Haien aurrean aritu dira Aimar Karrika, Eneko Fernandez, Alazne Untxalo, Mikel Lasarte, Joana Ziganda eta Saats Karasatorre. Maialen Belarrak egin ditu gai-jartzaile lanak. Epaile, berriz, Arkaitz Goikoetxea, Amaia Telletxea eta Joseba Beltza aritu dira. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Tuterako Argia Ikastolarekin, 2019ko Nafarroa Oinez-ekin eta Nafarroako Ikastolen Elkartearekin elkarlanean antolatu du saioa, eta Tuterako Udalaren laguntza ere jaso du.

Saio puntugarriaren ostean, Saats Karasatorrek eskuratu du puntu gehien, 253,5, eta hortaz, martxoaren 3an Atarrabian jokatuko den lehen finalaurrekorako txartela eskuratu du. Haren atzetik sailkatu dira Alazne Untxalo, Aimar Karrika, Eneko Fernandez, Joana Ziganda eta Mikel Lasarte. Bost bertsolari hauek gainontzeko final-laurdenetako puntuazioen zain egon beharko dute hurrengo fasera sailkatzen diren jakiteko.  Osotara, 18 bertsolarik egingo dute aurrera, oraingo 24tatik.

Honela geratu da saioko puntuazioa:

Saats Karasatorre Martinez
Alazne Untxalo Erregerena
Aimar Karrika Iribarren
Eneko Fernandez Maritxalar
Joana Ziganda Olano
Mikel Lasarte Cia

253,5
249
247
241
240
233

 Bihar izanen du segida Nafarroako Bertsolari Txapelketak, Urdazubiko Kultur Etxean, 17:30ean. Han ariko dira Julio Soto, Saioa Alkaiza, Iker Gorosterrazu, Iban Garro, Irati Majuelo eta Sahats Aleman, Ainhoa Larretxearen aginduetara. www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke sarrerak. Bihar, gainera, zabalik izanen da Urdazubiko Kultur Etxeko leihatila, 16:00etatik aurrera.

140 lagun bildu dira Tuterako Musika Eskolan, txapelketako lehen saioa bertatik bertara jarraitzeko.