Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Nafarroa

Prest da dena Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalerako

2019/03/15
Martxoaren 23an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian egingo den finalaren aurkezpena egin du Nafarroako Bertsozale Elkarteak, Anaitasunan bertan. Han izan dira zortzi finalistak, elkarteko eta Iruñeko Udaleko ordezkariekin batera.

Prest da dena Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalerako. Martxoaren 23an jokatuko da finala Iruñeko Anaitasunan, 17:00etan hasita. Zortzi bertsolari ariko dira kantuan, txapela eskuratu nahian: Eneko Lazkoz, Xabier Terreros, Joanes Illarregi, Eneko Fernandez, Julio Soto, Xabat lllarregi, Julen Zelaieta eta Xabi Maia. Fernando Anbustegi izango da ekitaldiko aurkezlea, eta Alaitz Rekondo ariko da gaiak jartzen.

Nafarroako Bertsozale Elkarteak gaur egin du finalaren aurkezpen prentsaurrekoa, Anaitasunan bertan. Han izan dira Alaitz Rekondo eta Ander Perez NBEko lehendakari eta koordinatzailea, Maider Beloki Iruñeko kultur zinegotzia eta finaleko zortzi bertsolariak. Rekondok azaldu duenez, Nafarroako Bertsolari Txapelketa eta finala, "urte osoan zehar egiten den lan isilaren fruitua eta alderdirik ikusgarriena da", eta zentzu horretan, bertsoa zaindu eta geroratzeko egiten den lana nabarmendu du. Alde horretatik, hezkuntza arautuan, bertso eskoletan eta aisialdiaren eremuan bertsoa transmititzeko egiten den lana goraipatu du. Era berean, txapelketa eta bestelako egitasmoak aurrera eramateko laguntzen duten hamarnaka bolondresengan jarri du arreta, haien lana eskertzeko. Azkenik, finalaren balioa azpimarratu, eta harako gonbitea luzatu du: "Nafarroako bertsogintzaren transmisio eta sustapenean urrats berri bat egiteaz gain, festa handia ere izango da".

Maider Belokik, bere aldetik, txapelketak bertsoa eta euskara Nafarroa osoan barreiatzeko egiten duen ekarpena goraipatu du. Era berean, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak finala elkarlanean antolatzeko sinatutako hitzarmenaren berri eman du. Udalak, hain zuzen ere, ekitaldiaren antolaketak dakartzan gastuen zati bat hartuko du bere gain.

Finala, martxoaren 23an

Martxoaren 23an jokatuko da finala, heldu den larunbatean, 17:00etan hasita. Bi atal izango ditu finalak: lehenengoan zortzi bertsolariak ariko dira. Bigarren atalera lehen atalean puntu gehien eskuratutako bi bertsolariak pasako dira. Bi ataletako puntuazioak batuta puntu gehien lortzen duenak jantziko du txapela.

Zortzi bertsolarietatik bi dira lehen aldiz final batean kantatuko dutenak, hain zuzen ere, Joanes Illarregi eta Xabat Illarregi anaiak. Gainerakoek badakite zer den final batean kantatzea: Julen Zelaietak hamaikagarren finala izango du, Julio Sotok bederatzigarrena, Eneko Lazkozek eta Xabier Terrerosek seigarrena, Eneko Fernandezek laugarrena eta Xabi Maiak bigarrena. Finalisten artean ere badira txapeldunak: Julio Sotok lautan irabazi du (2010, 2011, 2015 eta 2017an), eta behin Julen Zelaietak (2008).

Finalerako sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian (martxoaren 23ko goizera arte), bai eta ondorengo puntu fisikoetan ere bai (ostirala 22ra arte): Karrikirin (Iruñea), Fantxike (Elizondo), okindegia (Lesaka), Maimur (Leitza), Xapatero (Etxarri) eta Olgarenea (Lizarra). Finalaren egunean bertan, gainera, irekiko da Anaitasunako leihatila 15:30etatik aurrera. Ordu horretan bertan irekiko dira aretoko ateak ere. Taberna zerbitzua saioa hasi aurretik baino ez da izango.

Finala www.bertsoa.eus eta www.eitb.eus webgunetan jarraitu ahal izango da zuzenean, streaming bitartez. Gainera, ETB1ek buruz burukoa emango du, diferituan, larunbat horretan bertan, 21:00etatik 22:00etara bitarteko tartean. Hainbat hedabide ere akreditatu dira ekitaldia bertatik bertara jarraitzeko.

Zortzi finalistak, gaur goizean Anaitasuna kiroldegiko pistan.