Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Nafarroa

Julio Soto nagusi Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren final-laurdenean, Urdazubin

2019/02/10
Martxoaren 9an Etxarri Aranatzen jokatuko den finalaurrekorako txartela lortu du egungo txapeldunak. 130 bertsozale inguru elkartu dira Urdazubiko Kultur Etxean, saioa bertatik bertara jarraitzeko.

Urdazubin, Nafarroako iparraldeko ertzean, jokatu da 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren final-laurdena. 130 lagun inguru bildu dira bertan, herriko Kultur Etxean. Haien aurrean aritu dira Julio Soto, Saioa Alkaiza, Iker Gorosterrazu, Iban Garro, Irati Majuelo eta Sahats Aleman. Ainhoa Larretxeak egin ditu gai-jartzaile lanak. Epaile, berriz, Arkaitz Goikoetxea, Amaia Telletxea eta Joseba Beltza aritu dira. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Urdazubiko Udalaren laguntza jaso du saioa antolatzeko. Atzo Tuteran eta gaur Urdazubin, Nafarroako puntatik puntara, Bertsolari Txapelketa –eta haren bitartez, euskara– herrialde osora barreiatzeko apustuan sakondu nahi izan du Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

Saio puntuagarriaren ostean, Julio Sotok eskuratu du puntu gehien (265), eta hortaz, martxoaren 9an Etxarri Aranatzen jokatuko den finalaurrekorako txartela eskuratu du. Haren atzetik sailkatu dira Iker Gorosterrazu, Saioa Alkaiza, Iban Garro, Irati Majuelo eta Sahats Aleman. Bost bertsolari hauek gainontzeko final-laurdenetako puntuazioen zain egon beharko dute hurrengo fasera sailkatzen diren jakiteko.  Osotara, 18 bertsolarik egingo dute aurrera, oraingo 24tatik.

Honela geratu da saioko puntuazioa:

Julio Soto Ezkurdia
Iker Gorosterrazu Elizagoien
Saioa Alkaiza Guallar
Iban Garro Alzuri
Irati Majuelo Itoiz
Sahats Aleman Sadaba

265
246
245,5
240,5
234
230,5

Heldu den larunbatean izanen du segida Nafarroako Bertsolari Txapelketak, Iruritako Gizarte Bilgunean, 17:30ean. Han ariko dira Xabi Maia, Xabier Terreros, Joanes Illarregi, Patxi Castillo, Xabat Illarregi eta Endika Legarra, Zigor Gartzia “Zian” gai-jartzailearen aginduetara. www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke sarrerak, bai eta Elizondok Fantxike dendan ere bai. Larunbatean bertan, gainera, zabalik izanen da Iruritako Gizarte Bilguneko leihatila, 16:00etatik aurrera, baldin eta aurre-salmentako sarrera guztiak bukatu ez badira.

Urdazubin jokatu da bigarren final-laurdena, Kultur Etxean, 130 lagunen aurrean.