Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Julio Soto, 2019ko Nafarroako txapelduna

2019/03/23
Bosgarren txapela eskuratu du Gorritikoak, Eneko Lazkozekin buruz burukoa jokatu eta gero. Bertsolaritzaren alde lan eskerga egin duen Joxema Leitzak jantzi dio txapela irabazleari.

1.350 lagun elkartu dira gaur Iruñeko Anaitasunan, 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken hitzordua bertatik bertara jarraitzeko; beste hainbatek ere izan dute www.bertsoa.eus eta bidelagun ditugun hainbat hedabideren bitartez finala jarraitzeko aukera ere.

15:30ean zabaldu dira aretoko ateak, eta eserlekuen urdin-laranjak ezkutatu ahala, 17:00etan oholtzaratu dira bertsolariak: Joanes Illarregi, Xabier Terreros, Xabi Maia, Julen Zelaieta, Xabat Illarregi, Eneko Lazkoz, Julio Soto eta Eneko Fernandez, hurrenez hurren. Fernando Anbustegik egin ditu aurkezle lanak eta Alaitz Rekondo aritu da gaiak ematen.

Lehen ariketa sorta eginda, buruz burukora pasa dira Lazkoz eta Soto. Puntuka eta sei puntuko motzean arituta, kartzelako lanarekin amaitu dute gaurko saio puntuagarria. Epaile lanetan aritu dira gaur Amaia Telletxea, Arkaitz Goikoetxea, Jon Abril, Joseba Beltza, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena.

1.172 puntu lortuta, 2019ko Nafarroako bertsolari txapelduna da Soto, bosgarrenez. Nafarroako Bertsozale Elkartean eragile eta irakasle gisa inurri lanean ekarpen handia egindako Joxema Leitzak jantzi dio txapela irabazleari.

Tuteratik Urdazubira, Iruritatik Lizarrara, Lesakatik Atarrabiara eta Etxarri Aranatzetik Iruñera, Nafarroaren berdeak horiak eta gorriak zeharkatu ditugu, hainbat erakunde, bertso eskola eta bertsozaleei esker 2019 honetan ere. Mila esker.

Finalari begirako Hitzetik Hortzera, bihar

Bertsozale Elkarteak eta Euskal Telebistak elkarlanean ekoitzitako Hitzetik Hortzera telebista programak Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalak emandako bertsoaldi onenak eta txapeldunaren hitzak bilduko ditu. Bihar, 15:00etan, ETB1en.

Joxema Leitzaren eskutik jantzi du txapela Julio Sotok. / J.Santesteban - XDZ