Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Nafarroa

Josu Sanjurjo nagusitu da Lizarran jokatutako azken final-laurdenean, eta osatu dira txapelketako finalaurrekoak

2019/02/17
Martxoaren 10an Lesakan jokatuko den finalaurrekorako txartela lortu du Lesakako bertsolariak. Behin final-laurdenak bukatuta, osatu da txapelketako finalaurrekoetan ariko diren 18 bertsolarien zerrenda. 130 bertsozale inguru bildu dira Lizarrako Gazteriaren Etxean, azken final-laurdena zuzenean jarraitzeko.

Lizarran jokatu da 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako laugarren eta azken final-laurdena, herriko Gazteriaren Etxea bete duten 130 bertsozaleren aurrean. Haien aurrean aritu dira Eneko Lazkoz, Julen Zelaieta, Josu Sanjurjo, Amaia Elizagoien, Sarai Robles eta Diego Riaño. Ander Aranburuk egin ditu gai-jartzaile lanak. Epaile, berriz, Arkaitz Goikoetxea, Amaia Telletxea eta Joseba Beltza aritu dira. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Lizarrako Udalaren laguntza jaso du saioa antolatzeko.

Saio puntuagarriaren ostean, Josu Sanjurjok eskuratu du puntu gehien (263), eta hortaz, martxoaren 10an Lesakan jokatuko den finalaurrekorako txartela eskuratu du. Haren atzetik sailkatu dira Eneko Lazkoz (256,5), Sarai Robles (255), Julen Zelaieta (250,5), Diego Riaño (248) eta Amaia Elizagoien (236,5).

Honela geratu da saioko puntuazioa:

Josu Sanjurjo Altzuri
Eneko Lazkoz Martinez
Sarai Robles Vitas
Julen Zelaieta Iriarte
Diego Riaño Barroso
Amaia Elizagoien Varela

263
256,5
255
250,5
248
236,5

Horrenbestez, osatu da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetan ariko diren 18 bertsolarien zerrenda. Final-laurden bakoitzeko irabazleari, sailkapenaren araberako hurrengo hamahiru bertsolariak gehitu zaizkio. Hauek dira sailkatuak:

  • Saats Karasatorre Martinez
  • Julio Soto Ezkurdia
  • Joanes Illarregi Marzol
  • Josu Sanjurjo Altzuri
  • Xabier Terreros Gartzia
  • Eneko Lazkoz Martinez
  • Sarai Robles Vitas
  • Julen Zelaieta Iriarte
  • Xabat Illarregi Marzol
  • Alazne Untxalo Erregerena
  • Diego Riaño Barroso
  • Aimar Karrika Iribarren
  • Xabi Maia Etxeberria
  • Iker Gorosterrazu Elizagoien
  • Saioa Alkaiza Guallar
  • Eneko Fernandez Maritxalar
  • Iban Garro Alzuri
  • Joana Ziganda Alzuri

 

Martxoaren 3an hasita, hiru finalaurreko jokatuko dira, Atarrabian, Etxarri Aranatzen eta Lesakan, eta horietako bakoitzeko irabazlea finalera sailkatuko da zuzenean. Sailkapenaren araberako bost bertsolari ere pasako dira martxoaren 23an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko  den finalera.

www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke saio guztietarako sarrerak. Atarrabiako sarrerak, gainera, Karrikaluzen erosi daitezke (astelehenetik ostiralera 10:30etatik 14:00etara), Etxarri Aranatzen Xapatero tabernan, eta Lesakan okindegian. Saioen egunean bertan, gainera, zabalik izanen dira hiru aretoetako leihatilak, 16:00etatik aurrera, baldin eta aurre-salmentako sarrera guztiak bukatu ez badira.

Lizarran jokatu da txapelketako azken final-laurdena, 130 lagunen aurrean.