Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Joanes Illarregik irabazi du Iruritako final-laurdena, eta zuzenean sailkatu da finalaurrekoetara

2019/02/16
Martxoaren 10an Lesakan jokatuko den finalaurrekorako txartela lortu du egungo txapeldunak. 200 bertsozale inguru bildu dira Iruritako Gizarte Bilgunean, saioa bertatik bertara jarraitzeko.

Iruritan jokatu da 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako hirugarren final-laurdena, herriko Gizarte Bilgunean bildutako 200 lagun ingururen aurrean. Haien aurrean aritu dira Xabi Maia, Xabier Terreros, Joanes Illarregi, Patxi Castillo, Xabat Illarregi eta Endika Legarra. Zigor Gartzia “Zian”-ke egin ditu gai-jartzaile lanak. Epaile, berriz, Arkaitz Goikoetxea, Amaia Telletxea eta Joseba Beltza aritu dira. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Baztango Udalaren laguntza jaso du saioa antolatzeko.

Saio puntuagarriaren ostean, Joanes Illarregik eskuratu du puntu gehien (264,5), eta hortaz, martxoaren 10an Lesakan jokatuko den finalaurrekorako txartela eskuratu du. Haren atzetik sailkatu dira Xabier Terreros (257), Xabat Illarregi (250,5), Xabi Maia (247), Endika Legarra (233) eta Patxi Castillo (230). Bost bertsolari hauek bihar arte itxaron beharko dute, azken final-laurdena igarota sailkatzen diren jakiteko.  Osotara, 18 bertsolarik egingo dute aurrera, oraingo 24tatik.

Honela geratu da saioko puntuazioa:

Joanes Illarregi Marzol
Xabier Terreros Gartzia
Xabat Illarregi Marzol
Xabi Maia Etxeberria
Endika Legarra Nuin
Patxi Castillo Graziarena

264,5
257
250,5
247
233
230

Bihar izanen du segida Nafarroako Bertsolari Txapelketak, Lizarrako Gazteriaren Etxean, 17:30ean. Han ariko dira Eneko Lazkoz, Julen Zelaieta, Josu Sanjurjo, Amaia Elizagoien, Sarai Robles eta Diego Riaño, Ander Aranburu gai-jartzailearen aginduetara. www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke sarrerak. Bihar bertan, gainera, zabalik izanen da Lizarrako Gazteriaren Etxeko leihatila, 16:00etatik aurrera, baldin eta aurre-salmentako sarrera guztiak bukatu ez badira.

Biharkoa izango da txapelketako laugarren eta azken final-laurdena, eta hortaz, behin bukatuta jakingo da finalaurrekoetara pasako diren bertsolarien zerrenda, bai eta hiru finalaurreko horietako bakoitzaren osaketa ere.

Lepo bete da Iruritako Gizarte Bilgunea, txapelketako hirugarren final-laurdena jarraitzeko.