Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Nafarroa

Izaban abiatuko da larunbatean 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa

2021/09/29
Erronkari bailarako herriak lehen aldiz hartuko du txapelketako saio bat. Sei bertsolari izango dira kantuan herriko zineman, finalaurrekoetarako txartel baten bila. Irabazleak, hain zuzen ere, zuzenean lortuko du sailkapena; besteek final-laurden guztiak bukatu arte itxaron beharko dute. 17:30ean hasiko da saioa, eta sarrerak eskuragarri daude.

Herrialdearen muturretako batean abiatuko da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Izaban hain justu, Erronkari bailaran, Nafarroako Pirinioan. Lehen aldiz hartuko du herri horrek txapelketako saio bat, lehen final-laurdena, zehazki. Modu horretan, bere egitasmoa Nafarroa osoan zehar hedatzeko apustuan urrats berri bat emango du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. 17:30ean abiatuko da saioa, Izabako zineman. Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Izabako Udalaren laguntza izan du saioa antolatzeko.

Alaitz Rekondok aurkeztuko du saioa, eta sei bertsolari izango dira oholtza gainean: Julen Zelaieta Iriarte, Eneko Fernandez Maritxalar, Endika Legarra Nuin, Patxi Castillo Graciarena, Aitor Irastortza Arrizurieta eta Idoia Granizo Uribarrena. Saioko irabazleak zuzenean lortuko du finalaurrekoetan egoteko txartela; zehazki, Altsasukoan. Beste bertsolariek, final-laurdenen fase osoa bukatu arte itxaron beharko dute, sailkatzerik duten ala ez jakiteko. Izan ere, Izabakoarekin batera, Tafallako (urriak 9), Zangozako (urriak 10) eta Doneztebeko (urriak 16) saioek osatuko dute final-laurdenen fasea. Guztira, 18 bertsolari pasako dira finalaurrekoetara, txapelketan abiatuko diren 24etatik.

Txapelketa, aldarri eta bultzadarako

Uste baino beranduago dator 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, 45.ena. Urte hasieran izan behar zena pandemiak atzeratu zuen, eta udazkenera ekarri. Bitartean, hankaz gora jarri zaigu bizitza, eta bizitzarekin, bertsolaritza. Izurriak erabat moteldu du bertso plaza, eta agerian utzi du kulturgintzaren hauskortasuna. Eta beraz, txapelketak bultzada ere izan nahi du, plazak berriz indartzen joan daitezen, eta aldarri, bertsogintzaren eta kultur sorkuntzaren defentsan. Kultura, erantzukizunez, segurua da.

Bi hilabetez Nafarroako hainbat herri eta eskualde zeharkatu ostean, azaroaren 28an jarriko zaio azken puntua txapelketari, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko den finalarekin. Orduan izendatuko da 2021eko Nafarroako txapelduna, bai eta harekin batera, hurrengo Bertsolari Txapelketa Nagusian ariko diren beste lau nafar ordezkariak.

Izabako lehen final-laurdenean izango diren sei bertsolariak.