Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Nafarroa

Eneko Lazkozek irabazi du Atarrabiako finalaurrekoa, eta zuzenean sailkatu da finalera

2019/03/03
Martxoaren 23an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko den finalerako txartela lortu du Etxarri Aranazko bertsolariak, Atarrabian gaur izandako finalaurrekoan 399 puntu bildu eta saioa irabazi ostean. 250 bertsozale inguru elkartu dira herriko Kultur Etxean, saioa bertatik bertara jarraitzeko.

Atarrabian jokatu da 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa, herriko Kultur Etxean elkartu diren 250 lagun ingururen aurrean. Haien aurrean aritu dira Aimar Karrika, Saats Karasatorre, Joana Ziganda, Eneko Lazkoz, Sarai Robles eta Xabi Maia. Maider Ansak egin ditu gai-jartzaile lanak. Epaile, berriz, Jon Abril, Nerea Bruño, Mikel Beaumont eta Joseba Beltza aritu dira. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Atarrabiako Udalaren laguntza jaso du saioa antolatzeko.

Saio puntuagarriaren ostean, Eneko Lazkozek eskuratu du puntu gehien (399), eta hortaz, martxoaren 23an Iruñeko Anaitasunan jokatuko den finalerako txartela eskuratzen lehena izan da. Haren atzetik sailkatu dira Xabi Maia (352,5), Aimar Karrika (349), Saats Karasatorre (335), Sarai Robles (326,5) eta Joana Ziganda (312). Bost bertsolari hauek hiru finalaurrekoak igaro arte itxaron beharko dute, finalera sailkatzen diren jakiteko.  Osotara, 8 bertsolari pasako dira finalera, finalaurrekoan aritu diren 18etatik.

Honela geratu da saioko puntuazioa:

Eneko Lazkoz Martinez
Xabi Maia Etxeberria
Aimar Karrika Iribarren
Saats Karasatorre Martinez
Sarai Robles Vitas
Joana Ziganda Olano

399
352,5
349
335
326,5
312

 

Datorren larunbatean izanen du segida Nafarroako Bertsolari Txapelketak, Etxarri Aranazko Kultur Etxean izango den bigarren finalaurrekoan, 17:30ean. Han ariko dira Julio Soto, Xabier Terreros, Julen Zelaieta, Diego Riaño, Iker Gorosterrazu eta Iban Garro, Alaitz Rekondo gai-jartzailearen aginduetara. www.bertsosarrerak.eus atarian eta Etxarri Aranazko Xapatero tabernan eskuratu daitezke sarrerak. Saioaren egunean bertan, gainera, leihatila irekiko da 16:00etan, baldin eta aurre-salmentako sarrera guztiak bukatu ez badira.

Atarrabiako Kultur Etxean jokatu da lehen finalaurrekoa, 250 entzule ingururen aurrean.