Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Atarrabian jokatuko da txapelketako lehen finalaurrekoa, igandean

2019/02/27
Irabazlea zuzenean sailkatuko da martxoaren 23ko finalera. Zortzi bertsolari izango dira finalean, finalaurrekoetan ariko diren 18tatik.

Abiatzear da 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoen fasea. Guztira, hiru finalaurreko izango dira, final-laurdenetatik sailkatutako 18 bertsolariekin. Horietatik, zortzi pasako dira finalera: saio bakoitzeko irabazlea, eta sailkapenaren araberako hurrengo bostak. Tuteran hasi eta finalera arteko bidean, beraz, azken hiru geltokiak izango dira Atarrabia, Etxarri Aranatz eta Lesakako finalaurrekoak.  

Heldu den igandean, martxoak 3an, Atarrabian, ondoko sei bertsolari hauek ariko dira finalerako txartel bila: Saats Karasatorre, Eneko Lazkoz, Sarai Robles, Aimar Karrika, Xabi Maia eta Joana Ziganda. Maider Ansa ariko da gai-jartzaile lanetan. 17:30ean abiatuko da saioa, Atarrabiako Kultur Etxean. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Atarrabiako Udalaren laguntzarekin antolatu du saioa.

Datorren asteko larunbatean, martxoak 9, eta igandean, martxoak 10, izango dira beste bi finalaurrekoak, Etxarri Aranatzen eta Lesakan, hurrenez hurren.

Hiru finalaurrekotan Joseba Beltza, Nerea Bruño, Mikel Beaumont eta Jon Abril izango dira epaileak. Haiena izango da bertsolarien lana puntuatzeko ardura. Saioetako irabazleek zuzenean eskuratuko dute finalean kantatzeko txartela; gainerakoek finalaurreko guztietan zer pasa itxaron beharko dute, puntuazioaren arabera sailkatzen diren ala ez jakiteko. 18 bertsolari ariko dira finalaurrekoetan, eta 8rentzako tokia izango da finalean. Martxoaren 23an jokatuko da finala, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian.

 

Sarrerak salgai

11 eurotan eskuratu daitezke saioetarako sarrera arruntak, sei eurotan sei eta hamasei urte bitartekoen kasuan, eta zazpi eurotan Bertsozale Elkarteko bazkideen kasuan. Sarrera guztiak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke, bai eta Atarrabiako Karrikaluze Elkartean (astelehenetik ostiralera, 10:30etatik 14:00etara). Egunean bertan, gainera, Kultur Etxeko leihatila irekiko da, 16:00etan.  

Interneten, www.bertsozale.eus atarian aurkitu daiteke txapelketarekin lotutako informazio guztia, bai eta Nafarroako Bertsozale Elkartearen Facebook eta Twitter (@unibertsoa) kontuetan ere.

Saats Karasatorre, Eneko Lazkoz, Sarai Robles, Aimar Karrika, Xabi Maia eta Joana Ziganda ariko dira Atarrabian, finalerako txartel bila.