Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Nafarroa

13 talde eta ia 100 parte hartzaile 2020ko Bardoetan, urtarrilaren 31an hasita

2020/01/25
Dena prest dago 2020ko Bardoak, Nafarroako taldekako bertso txapelketa martxan jartzeko. Urtarrilaren 31an hasiko da egitasmoa, hiru saiorekin, martxoaren 28an izango da finala, Lizarran. Beste behin ere, auzolana eta talde lana izango da oinarri.

2012an sortu zen BARDOAK, Nafarroako taldekako bertso txapelketa, herrialdeko Bertso Eskolen sarea indartu asmoz. Ordutik, bi urtean behin antolatzen da, auzolana eta talde lana oinarrian jarriz. Modu horretan, bertsolaritza beste modu batera lantzeko aukera ematen da, bertsolari eta bertsozaleen harrobia sustatuz, gune eta plaza berriak barneratuz eta molde parte hartzaileak praktikan jarriz.

2020an jokatuko da BARDOAK taldekako txapelketaren bosgarren aldia, eta berrikuntzekin dator. Oraingoan, talde parte hartzaileen herriez gain, beste sei herri batu dira saioak jasoko dituztenen zerrendara, eta bertan izango dira txapelketako sei finalaurrekoak. Hain zuzen ere, Anizen, Atarrabian, Goizuetan, Jaunsaratsen, Tafallan eta Tuteran izango dira saio horiek. Modu horretan, bertsoa Nafarroako ahalik eta bazter gehienetara eramateko apustuari eutsi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

Urtarrilaren 31an hasi eta martxoaren 28ra arte, guztira 20 saio izango ditu taldekako txapelketak. Finala Lizarran egingo da, eta lehiaz harago, Nafarroako bertsolaritzaren eta euskal kulturaren festa handia izango da.

Transmisio lanaren erakusgarri

Bere xumean, handia da 2020ko BARDOAK egitasmoa. Oraingoan, 96 parte hartzaile izango dira guztira: bertsolariak, gai-jartzaileak, antolatzaileak, sukaldariak… Helduak eta gazteak, herri batekoak eta bestekoak, beteranoak eta hasiberriak, Nafarroako bertso ekosistemarako hauspo eta elkargune izango dira BARDOAK. Kopuruek ongi erakusten dute Nafarroako bertso mugimenduaren osasuna. Are, bertsolaritzaren transmisioan jarritako arreta eta indarraren fruitu dira. Bestelako gailurren oinarri dira Bertso Eskolak eta tokian tokiko plazak, eta oinarri hori sendoa dela erakusten du BARDOAK egitasmoak.

Bertso Eskolekin batera, ezinbestekoa da ere Nafarroako Bertsozale Elkarteak, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin eta tokian tokiko udal eta mankomunitateekin elkarlanean, ikastetxetan egiten duen lana. ‘Bertsolaritza irakaskuntzan’ programaren bitartez, Nafarroa osoko 2.900 ikasle inguruk lantzen dute bertsoa eskola orduetan, 42 udalerritako 58 hezkuntza zentroetan. Ongarri ezinbesteko horren ondorio da neurri batean Bertso Eskolen sarea, eta baita Bardoak egitasmoa ere.

Badatoz BARDOAK plazara, haien kantua entzunaraziz. Haiekin gozatzeko tenorea da.

Bardoetan parte hartuko dutenetako batzuk, gaur Iruñean egindako aurkezpenean.