Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Nafarroa

Hiru saiorekin hasiko da Bardoetako bigarren fasea

2018/03/01
Asteburuan Iruñean, Beran eta Aldatzen izango diren saioekin hasiko da Bardoak Nafarroako taldekako bertso ekimeneko bigarren fasea. Sei taldek lortu dute sailkatzea eta hurrengo asteburuan bueltako saioak izango dituzte. Horietatik aterako dira martxoaren 24an Lekunberrin jokatuko den finalean arituko diren hiru taldeak.

Ostiralean bi saio izango dituzte Bardoek. Lehena Iruñeko Arrano elkartean jokatuko da, etxeko Topa bardo kopa! eta Baztan-Malerrekako Addams familia taldeen artean. Saioa 19:00etan hasiko da eta horren ostean merendua izango da.

Berako Ibardin: Hiru ta lau zazpi dira eta Leitzako Aldatzea komeni taldeek jokatuko dute ostiraleko bigarrena. Saioa Berako Kataku tabernan izango da, 22:00etatik aurrera.

Igandean, berriz, Aldatzera ailegatuko dira Bardoak. 17:30etatik aurrera bertso-merendua izango da Martixa elkartean. Etxeko Larraun da Araitz. Bi dozena eta Lesakako Unibertsolariak taldeak ariko dira kantuan.

Finalerako sailkatzea

Asteburuko saioen ostean, hurrengo asteburuan jokatuko dituzte itzulerako hiru saioak, Erratzun, Leitzan eta Lesakan. Horietatik aterako dira martxoaren 24an Lekunberriko Toki Alai sagardotegian jokatuko den finalean kantatuko duten taldeak.

Finala arratsaldeko 17:00 hasiko da. Finalerako zein ondoko afarirako txartelak dagoeneko salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

 

Sei talde ariko dira bigarren fasean.

Bardoak 2018
  • Otsailaren 2tik martxoaren 24ra

  • 16 talde

  • 113 parte hartzaile

  • 74 bertsolari

  • 23 saio