Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Nafarroa

Finalerako lehen pausoa eman dute 'Bertsonautak' eta 'Atekaberts komeni' taldeek

2020/03/02
Anizen eta Tuteran jokatu dira lehen bi finalaurrekoen joaneko saioak, eta Malerrekako eta Leitzako taldeek lortu dute garaipena, hurrenez hurren. Giro ederrean joan dira bi saioak.

Larunbatean jokatu ziren 2020ko Bardoetako finalaurrekoetako lehen bi saioak. Anizen, Malerrekako Bertsonautak eta Lesakako Arranopola taldea izan ziren parez pare, 80 lagun ingururen aurreran, herriko elkartean. Malerrekakoen partetik, Alazne Untxalo, Egoitz Gorosterrazu eta Iker Gorosterrazu aritu ziren bertsotan, eta Eneko Fernandez, Erika Lagoma, Etxahun Azkarraga eta Iratxe Muxika izan ziren Lesakako ordezkariak; Maialen Belarra aritu zen gai-jartzaile. Malerrekakoek lortu zuten puntua, eta beraz, pausu bat eman dute Lizarrako finalean sartzeko. Dena dela, joan-itzulikoak dira finalaurrekoetako kanporaketak, eta beraz, itzuliko saioan, martxoaren 14an Goizuetan, izanen dira berriz kantuan bi talde horiek, eta orduan erabaiko da nor den finalista. 

Tuterako Beterri peñan 40 pertsona baino gehiago bildu ziren, Leitzako Atekaberts komeni eta Sakanako Sakaña taldeen arteko saioa entzuteko. Leitzarren aldetik, Aitzol Eizmendi, Ane Intxausti, Joanes Illarregi eta Miel Mari Elosegi Luze aritu ziren kantuan, eta Ekain Alegre, Idoia Granizo eta Saats Karasatorre izan ziren Sakaña taldean bertsolari. Xabat Illarregik egin zituen gai-jartzaile lanak. Leitzako taldeak irabazi zuen saioa, baina kasu honetan ere, itzulerako saioan erabakiko da finalerako nor sailkatzen den. Heldu den ostiralean, martxoak 6, ariko dira berriz kantuan leitzarrak eta sakandarrak, Atarrabian.

Hurrengo finalaurrekoak, heldu den asteburuan

Heldu den ostiralean eta larunbatean jokatuko dira finalaurrekoei dagozkien hurrengo saioak. Ostiralean, martxoak 6, Atarrabiako Etxebeltza Elkartean ariko dira Leitzako eta Sakanako taldeak, Tuterako saioaren itzuleran. Biharamunean, larunbatean, Tafallan kanporaketako joaneko saioa izango da Berako Lamixene eta Barañaingo Hego haizea taldeentzat.

Finalaurrekoetatik hiru talde sailkatuko dira finalera. Martxoaren 28an jokatuko da finala, Lizarra Ikastolan, 17:00etan. Honezkero salgai daude sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian, bai eta Lizarra Ikastolan eta Lizarrako Beinat Etxepare euskaltegian.

 

Leitzako 'Atekaberts komeni', Tuterako saioaren une batean