Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Nafarroa

Bertsonautak, Malerreka-Baztango taldea, 2020ko Bardoetan txapeldun

2020/10/17
Lizarra Ikastolako aretoan jokatu da finala, giro beroan; aforoa mugatzeko neurrien ondorioz, 100 lagun bildu dira ekitaldian. Berako 'Lamixene', Malerreka-Baztango 'Bertsonautak' eta Leitzako 'Atekaberts komeni' taldeak aritu dira bertsotan. Azkenean, 'Bertsonautak' taldekoak izendatu dituzte txapeldun.

Urtarrilaren 31an abiatu zen 2020ko Bardoak, Nafarroako taldekako bertsolari txapelketa, eta gaur bukatu da, Lizarra Ikastolako aretoan egindako finalean. Tartean, hamar hilabete joan dira, eta ia zazpi hilabeteko etena, Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz. Azkenean, osasun prebentziorako neurri guztiak beteta, eta aforoa 100 lagunetara mugatuta, jokatu da taldekako txapelketako finala. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Lizarra Ikastolarekin eta Nafarroa Oinez-kin elkarlanean antolatu du saioa, eta laguntzaile izan ditu ere Lizarrako Bertso Eskola eta Lizarrako Udala. Hiru talde izan dira kantuan: Berako Lamixene, Malerreka-Baztango Bertsonautak eta Leitzako Atekaberts komeni. Azkenean, bi ordu pasako saioaren ostean, Bertsonautak izan da garaile.

Hasierako agurrek jarri diote abiapuntua saioari. Musikak lagunduta, aurkezpenerako baliatu dute taldeek agurra. Horren ostean, ofizioen txandari heldu diote. Zortziko handian, Aitor Elexpuru eta Iker Gorosterrazu aritu dira kantari, bihar Lizarran Nafarroa Oinez-a ospatu beharko litzatekeela eta, arduratuta lehena, eta erabat ahaztua bigarrena. Zortziko txikian, bi birusen larrutan aritu dira Alazne Untxalo eta Aitzol Eizmendi; gripe arruntaren birusa bata, eta koronabirusarena bestea. Seiko motzean, Julen Zelaieta eta Miel Mari Elosegi "Luze" ibili dira bertsotan, kontaktuak miatzen dituen Radar Covid aplikazioaren harira.

Hiruna punturi erantzun diote gero Iker Gorosterrazuk, Xabat Illarregik eta Patxi Castillok. Ondoren, hurrenez hurren, poltsa beroari, festetako txanoari eta Korrikako petoari bertso bana kantatu diote Julen Zelaietak, Alazne Untxalok eta Miel Mari Elosegi "Luze"-k. Horren ostean, koplen ariketan, kantuan aritu dira Egoitz Gorosterrazu, Ekhiñe Zapiain eta Ane Intxausti. Aplikazio anonimo baten bitartez, hiruko sexuala egiteko gelditu dira hirurak, eta agertu direnean ohartu dira txikitako klasekideak direla.

'Bat, bi, hiru' jolasean, binaka aritu dira hiru taldetako kideak, gai-jartzaileak emandako zerrendari, habanera doinuan puntuka, ahalik eta hitz gehien eransten. Zuhaitz motak bildu behar izan dituzte Lamixene-koek, etxeko tresnak Bertsonautek, eta koloreak Atekaberts Komeni-koak. Ondoren, bakarka aritu dira Alazne Untxalo, Xabat Illarregi eta Patxi Castillo, gaia emanda. 

Hiruko ofizioan, haur jaioberri beraren beldurra, ilusioa eta harridura izan dira, hurrenez hurren, Miel Mari Elosegi "Luze", Ekhiñe Zapiain eta Egoitz Gorosterrazu. Ostean, eta saio puntuagarriari amaiera emateko, puntuka aritu dira hiru taldeak. Lamixene taldekoek, osasun neurrien ondorioz kontzertua eserita ikusi behar duten heavy zaleak gorpuztu dituzte. Bertsonautak delitu baten errekonozimendu erronda baterako deitutako bolondresak izan dira. Atekaberts komeni taldekoak, azkenik, igogailuan itxita gelditu diren bizilagunen paperetik aritu dira.

Ariketa puntuagarri guztiak bukatuta jakinarazi dute talde irabazlearen izena. Orduan izendatu dute Bertsonautak taldea 2020ko Bardoetako txapeldun. Lizarrako Bertso Eskolako eta Nafarroako Bertsozale Elkarteko hainbat ordezkarik banatu dituzte sariak. Horien ostean, bertsolari guztien azkeneko agurrekin bukatu da saioa. 

 

 

'Bertsonautak' taldekoak, saioaren hasierako agurrean.