Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Bardoetako finalean izanen dira Malerrekako eta Berako taldeak ere

2020/10/03
Goizuetan eta Jauntsaratsen egindako finalaurrekoetan, sailkapena eskuratu dute Malerrekako 'Bertsonautak' eta Berako 'Lamixene' taldeek, hurrenez hurren. Haiekin batera, Leitzako 'Atekaberts komeni' taldea ere izanen da urriaren 17an Lizarran jokatuko den finalean.

Pandemiak eragindako zazpi hilabeteetako etenaren ostean, atzo jokatu ziren jokatzeke gelditzen ziren Bardoetako bi finalaurrekoak, Goizuetan eta Jauntsaratsen. Behin bi saio horiek eginda, argitu da urriaren 17an, Lizarran, finalean ariko diren taldeen zerrenda: Leitzako Atekaberts komeni taldeari -lehendik sailkatua- Malerrekako Bertsonautak eta Berako Lamixene taldeak gehitu zaizkie.

Goizuetan, udaletxeko ganbaran jokatu zen finalaurrekoetako bat. Aforoa murriztuta eta aulkien artean distantzia utzita ere, 60 lagun inguruk jarraitu zuten saioa bertatik bertara, giro onean. Parean izan ziren Lesakako Arranopola eta Malerrekako Bertsonautak taldeko bertsolariak -Eneko Fernandez, Erika Lagoma, Etxahun Azkarraga eta Josu Sanjurjo lesakarren taldean, eta Alazne Untxalo, Egoitz Gorosterrazu eta Iker Gorosterrazu Malerrekakoan-, Estitxu Arozena gai-jartzailearen aginduetara kantuan. Joaneko saioan, otsailean Anizen jokatutakoan, garaipena eskuratu zuten Bertsonautak taldekoek, eta beste horrenbeste egin zuten atzo, finalerako sailkapena ziurtatuz.  

Jauntsaratsen (Basaburuan) izan zen atzoko beste finalaurrekoa, Apeztegiberriko ganbaran. Han ere bermatu ziren segurtasun neurri guztiak, eta 50 lagunen aurrean kantatu zuten Berako Lamixene eta Barañaingo Hego Haizea taldekoek. Beratarren partetik, Aitor Elexpuru, Julen Zelaieta eta Patxi Castillo aritu ziren bertsotan. Barañaindarren aldetik, berriz, Ainara Ieregi, Ander Baiano, Endika Legarra, Iñigo Aranguren 'Pika' eta Sahats Aleman. Gai-jartzaile lanetan Ainhoa Larretxea aritu zen. Beratarrek irabazia zuten joaneko saioa, martxoan Tafallan egindakoa, eta atzo ere nagusitu ziren, finalerako txartela berretsiz.

Finala, urriaren 17an

Horrenbestez, argitu da urriaren 17ko finalean ariko diren taldeen zerrenda. Leitzako Atekaberts komeni taldeak lehendik zuen sailkapena ziurtatua, pandemiaren aurretik jokatu baizuen bere sailkapen kanporaketa. Orain, zehaztu dira beste bi talde finalistak ere.

Lizarrako Ikastolan eginen da finala, segurtasun eta osasun prebentziorako neurri guztiak bermatuta. Urriaren 17an izanen da, 17:00etan. Sarrerak salgai daude honezkero, www.bertsosarrerak.eus atarian online, eta fisikoki, Lizarra Ikastolan bertan.

 

Malerrekako taldeko hiru partaideak, atzoko saioaren une batean.