Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Udabarria Bertsotan sailkapen fasea

Udazkenean egingo da 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Aurretik, ordea, txapelketarako sailkapen fasea jokatuko da maiatzean: Udabarria Bertsotan.

Sailkapen fase bat baino gehiago da Udabarria Bertsotan. Bizkaian bertsolaritzak bizi duen osasunaren isla da, besteak beste, bertso eskoletan, hezkuntza arautuan, plazetan zein lehiaketa eta sariketetan bizi dugun emankortasunaren erakuslea.

Maiatzaren 4tik 25era, 8 saio izango dira Bizkaian. Antolaketan hamaika lagun, 8 gai jartzaile, 13 epaile, idazkari 2 eta 48 bertsolari izango dira Bizkaia bertsotan jarriko dutenak.

48 bertsolariak bi multzotan banatuko dira eta multzo bakoitzean 4 saio jokatuko dira. Multzo bakoitzeko saioak jokatu ondoren, multzoko puntuazio altuena duten bertsolariek eskuratuko dute udazkenean jokatuko den Bizkaiko Bertsolari Txapelketan parte hartzeko txartela. Udabarria Bertsotanetik sailkatutako bertsolari horiei dagoeneko sailkatuta dauden bertsolariak batuko zaizkie, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 2021ean finalaurrekoetako fasean kantatu zutenak eta finalera heldu ez ziren bertsolariak.