Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Urriaren 1ean hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, Mungian

2023/09/13
Sei kanporaketa, hiru finalaurreko eta finalak osatuko dute txapelketa. Finala, abenduaren 16an jokatuko da, Bilboko Bilbao Arenan.

2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa martxan dago jada. Urriaren 1ean hasiko da, Mungian, eta abenduaren 16an amaituko da, ohi duen legez, Bilboko finalarekin. Guztira, sei kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala izango dira.

Kanporaketak, urriaren 1a eta azaroaren 1a artean, herri hauetan jokatuko dira: Mungian, Gernika-Lumon, Arrigorriagan, Erandion, Igorren eta Lekeition. Finalaurrekoak Berrizen, Santurtzin eta Lemoan izango dira: azaroaren 11n, 18an eta 25ean. Eta, azkenik, finala Bilbon izango da: abenduaren 16an.

Kanporaketetan 36 bertsolarik kantatuko dute: Udabarria Bertsotanetik sailkatutako 30 bertsolarik eta 2021ean finalaurrekoetan kantatu zuten beste seik. Finalaurrekoetako fasera 11 bertsolari sailkatuko dira eta han izango dituzte zain finalaurrekoetara zuzenean pasatu diren 7 bertsolariak: 2021ean finalista izan zirenak. Hiru finalaurrekoetako irabazleek eta puntuazio altuena lortzen duten beste bostak sailkatuko dira finalera.

Gaur izan da Txapelketaren aurkezpena Bilbon, Rekalde aretoan. Aurkezpenean, Igor Elortza Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeko kide eta bost aldiz Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapeldunak; Ione Narbaiza Bizkaiko Txapelketako arduradunak eta Leixuri Arrizabalaga, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol saileko diputatuak hartu dute parte.

Saioei buruzko informazioa, protagonistei buruzkoa... webgune honen atal desberdinetan aurkituko duzue.

 Sarrerak, salgai

Saioetako sarrerak erosteko www.bertsosarrerak.eus atarian dago aukera.

Oraindik sarrerarik geratuko balitz, egunean bertan txarteldegia zabalduko litzateke, 16:00etatik aurrera. Finalean, ostera, 15:00etatik aurrera egongo da zabalik txarteldegia. 

                Twitter Facebook Instagram