Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Martxan da 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa!

2023/09/21
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren barne aurkezpena izan genuen atzo Bilboko Kafe Antzokian. Tartean Teatroaren Txizatoki bat Eszenatokian bakarrizketak girotu zuen ekitaldia.

Badator Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, eta hori nabaritzen da jendearen aldartean. Bilboko Kafe Antzokian bildu ziren parte hartzaileen artean ilusioa nabarmena zen; nerbioak beste. Txapelketa osatzen duten talde guztietako kideak izan ginen bertan: bertsolariak, epaileak, gai jartzaileak, talde antolatzaileko kideak eta baita komunikazio taldekoak ere.

Gai jartzaileak izan ziren, ohi legez, ekitaldia gidatzearen arduradunak. Itxaro Juaristi eta Beñat Vidal aritu ziren aurkezle beharretan. Ekitaldia hastearekin batera, bertakoak agurtu eta kulturaren garrantzia azpimarratu zuten. Hain zuzen ere, kultura erdigunean jarri nahi genuelako, Tartean Teatroko Txizatoki bat Eszenatokian bakarrizketa izan da ekitaldiko beste protagonistetako bat, Patxo Telleriaren eskutik.

Bakarrizketa amaituta, aurkezleek txapelketaren nondik norakoak azaldu zituzten. Horretarako, saio guztietako parte hartzaileen bideoa jarri genuen martxan, eta argi joko batekin lagundu genion bideoari, aurtengo irudiarekin bat. Hiru argik osatzen dute aurtengo irudia, eta bakoitzak txapelketako fase bat irudikatzen du: argi urdinak kanporaketak dira, urdin eta laranjak finalaurrekoak eta urdin, laranja eta arrosak finala. Guztiek osatzen dute txapelketa.

Talde argazkiak eta geroko mokadutxoak amaitu zuten ekitaldia. Orain bai, orain martxan da 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa!

                Twitter Facebook Instagram