Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Finaleko zortzikotea prest

2023/12/12
Gaur eguerdian egin dugu finalisten aurkezpena, Bilbao Arenan. Bertan jokatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala, abenduaren 16an.

Finalaren atarian elkartu ditugu zortzi finalistak Bilbao Arenan: Aissa Intxausti Aburruza, Aitor Etxebarriazarraga GabiolaGorka Pagonabarraga AgorriaJone Uria AlbizuriNerea Ibarzabal Salegi, Oihana Bartra ArenasOnintza Enbeita Maguregi eta Xabat Galletebeitia Abaroa. Gogotsu eta prest daudela kontatu digute eta saio ederra izango dela aurreikusten dutela. Eurekin batera egon dira Begoña Iturriza txapel jartzailea ere, eta Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko presidenteak gidatu du prentsaurrekoa.

Hasteko, eskerrak emateko tartea ere hartu du Belate Olabarriak. Txapelketa behar handiaren emaitza dela azaldu du eta, horren atzean, jende asko dagoela. Horregatik, eskerrak eman gura izan dizkie txapelketan beharrean ibili diren guztiei, banan-banan: bertsolariei, Talde Antolatzaileko kideei, Komunikazio Taldeko kideei, gai-jartzaile taldeari, epaile taldeari, bertso eskolei, eta borondatezko beharrean astez aste ibili diren guztiei. Baita ere, zelan ez, astero areto eta frontoiak bete dituzten bertsozale guztiei ere, eurak barik ezingo litzatekelako Txapelketarik egin.

Begoña Iturriza txapela jartzeko gogotsu agertu da. 40 urteko bertso plazaren bilakaeraz ibili da berbetan, batez ere emakumeen plazaratzeaz eta testuinguru seguru bat izatearen inguruan. Gai horri lotuta, esaterako, Arantzazu Loidi eta Kristina Mardaras bertsolariak izan ditu gogoan.

Finalistek egin dute berba gero. Lehenengoz kantatuko dutenek zein beteranoek, denek azaldu dute zapaturako gogotsu daudela eta final ederraren atarian gaudela gaineratu dute.

Protagonista horiez gain, Zihara Enbeita Gardoki eta Beñat Vidal Gurrutxaga ariko dira gai-jartzaile beharretan zapatuan. Epaileak, ostera, hurrengoak izango dira: Ainhoa Arregi Elosua, Ander Arrien Aspiazu, Ander Txakartegi Basterretxea, Joseba Santxo Uriarte, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Leire Etxebarria Gaztelu eta Miriam Juaristi Urizar. Idazkari beharretan Itziar Basterretxea Olarreaga arituko da.

Sarreren salmenta

Finaleko sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian egongo dira eskuragai. Zapatuan sarrerarik geratuko balitz, txarteldegia zabalduko dugu arratsaldeko 15:00etan.

Finalerako oharrak

Prentsaurrekoan bertan, hainbat ohar eman dira:

  • Bilbao Arenara nola heldu:

Bilbao Arenara heltzeko, Bilbora garraio publikoak eskaintzen dituen ohiko bideak erabili behar dira. Bilboko Metroan joanez gero, Alde Zaharreko geltokian jaitsi behar da, eta Unamunoko atetik irten. Handik Miribillara oinez hamar minutu-ordu laurden daude.

Bestalde, zeinbait udal zein bertso eskolek autobusak antolatu dituzte herrietatik finalera joateko. Horiek erabiltzea ere aholkatzen du antolakuntzak.

  • Ateen irekiera:

Bilbao Arenako ateak 15:30ean zabalduko dira. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak sasoiz joateko gomendioa egin gura die bertsozaleei, jende asko batuko garelako eta azken orduan trabarik ez egoteko.

  • Gurpildun aulkiak:

Gurpildun aulkian datozen bertsozaleek, aurretiaz antolakuntzari jakinaraziz gero, nondik sartzea komeni den adierazten duten oharrak jasoko dituzte. Horretarako bizkaikotxapelketa@bertsozale.eus helbidera idatz daiteke.

  • Bestelako oharrak:

- Sarrera bakoitzak bere kodea du eta, beraz, sarrera berarekin ezingo da pertsona bat baino gehiago sartu.
- Areto barruan ezin da ez jan ez edan, beraz, ezin da areto barrura ezer sartu.
- Emergentzia kasuren bat balego, antolatzaileek emandako oharrei kasu egin.
- Bilbao Arena aretoan ezin da erre
- Bertsolariek mugimendu guztiak sumatzen dituzte oholtzatik; horregatik, mugitu behar izanez gero, itxaron bertsoaldia amaitu arte.

                Twitter Facebook Instagram