Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Bizkaia

Finalari buruzko oharrak

2021/12/15
Bilbon jokatuko da zapatuan, abenduaren 18an, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala. Hona hemen bertaratuko zareten bertsozaleok kontutan hartzeko hainbat ohar.

Sarreren salmenta

Finaleko sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian egongo dira eskuragai zapatu goizera arte. Egunean bertan, txarteldegia zabalduko da, 12:30ean.

Behin erosketa egin ondoren ezin izango da sarrerarik itzuli.

Salbuespena: finalerako sarrerak Euskal Autonomia Erkidegoko Lehendakariaren abenduaren 14ko dekretua ezarri aurretik erosi diren kasuetan, aretora sartzeko ziurtagiria derrigorrezkoa izango denez eta, beraz, baldintzak aldatu direnez, salbuespen gisa eta arrazoi horrengatik soilik, sarrera itzuli nahi duten bertsozaleei dirua itzuliko zaie. Zentzu horretan, arduraz jokatzea eskatu nahi dizuegu antolakuntzatik.

Itzulketa eskatzeko epea jarriko da: abenduaren 17ko gauerdia.

Itzulketa bideratzeko idatzi: bertsosarrerak@bertsozale.eus helbidera.

Bilbao Arenara nola heldu

Bilbao Arenara heltzeko, Bilbora garraio publikoak eskaintzen dituen ohiko bideak erabili behar dira. Bilboko Metroan joanez gero, Alde Zaharreko geltokian jaitsi behar da, eta Unamunoko atetik irten. Handik Miribillara oinez hamar minutu-ordu laurden daude.

Bestalde, zeinbait udal zein bertso eskolek autobusak antolatu dituzte herrietatik finalera joateko. Horiek erabiltzea ere aholkatzen du antolakuntzak.

Ateen irekiera

Bilbao Arenako ateak 15:30ean zabalduko dira. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak sasoiz joateko gomendioa egin gura die bertsozaleei, jende asko batuko garelako eta azken orduan trabarik ez egoteko.

Gurpildun aulkiak

Gurpildun aulkian datozen bertsozaleek, aurretiaz antolakuntzari jakinaraziz gero, nondik sartzea komeni den adierazten duten oharrak jasoko dituzte. Horretarako bizkaikotxapelketa@bertsozale.eus helbidera idatz daiteke.

Bestelako oharrak

- Sarrera bakoitzak bere kodea du eta, beraz, sarrera berarekin ezingo da pertsona bat baino gehiago sartu.
- Areto barruan ezin da ez jan ez edan, beraz, ezin da areto barrura ezer sartu.
- Emergentzia kasuren bat balego, antolatzaileek emandako oharrei kasu egin.
- Musukoa derrigorrezkoa da, saio osoan zehar egoki jantzita izan behar da (sudurra eta ahoa estalita).
- Bilbao Arena aretoan ezin da erre
- Bertsolariek mugimendu guztiak sumatzen dituzte oholtzatik; horregatik, mugitu behar izanez gero, itxaron bertsoaldia amaitu arte.
- Osasun neurriak zaintzeko, Bilbao Arenako ateak zabalduko dira tartean-tartean, aretoa aireztatu dadin. Beraz, pasiloetan ere isiltasuna mantendu beharko da.

Europar Batasuneko COVID ziurtagiri digitala

Lehendakariaren abenduaren 14ko dekretuaren eraginez, Aretora sartzeko ezinbestekoa izango da EB-ko COVID ziurtagiri digitala aurkeztea.

Ziurtagiri ofizialak bakarrik onartuko dira. Hauek dira:

-Txertaketa-ziurtagiria. Txertoaren dosi 1 edo 2 jarrita dutenei ematen zaiena (iraungipen zehatzik gabe).

-Errekuperazio-ziurtagiria. Gaixotasuna PCR positiboa izan eta hurrengo 11 eta 180 egun bitartean igaro dutenei ematen zaiena.

-Proba negatiboaren ziurtagiria: Antigenoen proban gehienez 48 ordu lehenago eta PCR proban gehienez 72 ordu lehenago proba diagnostiko negatiboa izan duten pertsonei.

Baimendutako laborategi pribatuetan egindako proba negatiboek bakarrik izango dute balioa; Osakidetzan egindako probak salbuetsita daude.

Hemen duzue eskuragarri ziurtagiriari buruzko informazioa: https://www.euskadi.eus/eb-ko-covid-egiaztagiri-digitala/web01-a3korona/eu/