Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Bertso ekosistema osoa prest Txapelketarako

2018/09/26
Bertsolariak, gai-jartzaileak, epaileak, Talde Antolatzaileko kideak... denok batu gara Bilboko Kafe Antzokian Txapelketaren aurkezpen jaian.

Martxan dago dena. Bilboko Kafe Antzokian batu gara gaur iluntzean bertsolariak, gai-jartzaileak, epaileak, Talde Antolatzaileko kideak, bertsozaleak... bakoitza berera baina taldera begira ari gara beharrean. Laster hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 2018, eta ordurako dena prest uzteko buru belarri ari gara.

Oholtza handia prest zegoen Bilboko Kafe Antzokian. Jaiari hasiera emateko, Igor Menika eta Jone Larrinaga dantzariek oinak dantzan jarri dituzte Txapelketaren sintonia dantzatuz.

Herri eta Bixi bikote biziak publikoan zeuden guztiak barrez jarri ditu. Txapelketari buruzko xehetasun guztiak eman dituzte, eta saioz saio lanean ariko direnen beharra eskertu dute.

Maite Berriozabal gai-jartzaileak Txapelketarako idatzi duen mezua irakurri du. "Gozatzea baino ez da geratzen, ekosistemak badaki erregulatzen. Hartu daigun bakoitzak gure lekua eta hasi daitela txapelketa".

Amaieran, talde argazki erraldoia atera dugu denok. Orain bai. Dena dago prest.

                Twitter Facebook Instagram YouTube