Bertsolaritza bidelagun, nonahi eta noiznahi

Baliabide ugari daude sarean, bertsoa esku-eskura jartzen dutenak. Ezagutu nahi?

Bertsolaritza lantzekoak: jolastu, sortu eta abestu!

Bertsozale Elkarteko irakasleek bertsolaritza lantzeko ikasgelan baliatzen duten ataria da hau. Zenbait eduki irekian erabiltzeko moduan dituzue: jolasak, bertso sortak, bat-bateko saioak… bertsolaritzaz etxeko gazteenekin aritzeko aparta.

Haur zein heldu, trebatu zein hasiberri,... guztiek daukate lekua bertso-eskolentzako atari honetan. Baldintza bakarra: bertsotan eginez eta entzunez ondo pasatzeko gogoa izatea. 

 

Ikus-entzunezkoak: eseri, jarri eroso eta ikusi!

Bertsolaritzaren inguruko hedabidea. Denetariko informazioa bertsolaritza egunean-egunean jarraitzeko, baina berebiziko garrantzia dute ikus-entzunezkoek. Hamaika saio daude ikusgai: jaialdiak, bertso afariak, emanaldi bereziak...

Eta orain egitasmo berriak martxan! tartean, online bertso saioak. Potokastak, Bidaiak eta Plaza dira Bertsoa.eus atariko eskaintza berria.

Bertsoa.eus

Sarean daude ikusgai 2008tik gaurdaino eskaini diren atalak. Urteotan izan duen bilakaera ikusi nahi? Sartu EITB Nahieranen, eta telebista saioen artean, "Saioak A-Z" aukeran, bilatu Hitzetik Hortzera. Hantxe dituzu aipatutako atalak.

BECen gozatua berriro bizi nahi izanez gero, sarean duzu finala oso-osorik. Badakizu, itzali sakelakoak, zaindu joan-etorriak eta itxaron bertsolariek bere lana amaitu arte.

Bertsolaritza gure-gurea dugu; baina badira munduan antzerako kantu inprobisatuak. Ezagutzeko aukera aparta ematen digu Mintzola Ahozko Lantegiak garatutako ikus-entzunezkoak. Bidaiatu, mugitu gabe.

Zenbaitetan zaila da bertsolaritza ezagutzen ez duenari zer den azaltzea… horretan lagungarri egingo zaizu proiektu hau: 20 minutuko azalpena duen bideoa, ingelesez eta azpitituluekin, eta hamar bertsoaldietako bilduma, jatorrizkoan eta azpitituluekin. Etxepare Euskal Institutuak eta Mintzola Ahozko Lantegiak garatua, Laboral Kutxaren babesarekin.

Nolakoa da bertsolariaren jarduera? Txintxua Films ekoizpen etxeak gauzatutako lana. Euskaraz, ingelesezko azpitituluekin.

Ezagutu dezagun 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusia barrutik. Lander Garroren eskutik.

Bertsozale Elkartearen 25.urteurrenean egindako ikus-entzunezkoa, elkartearen ibilbidea gogora ekarriz. Euskaraz ez ezik, gaztelerazko, frantseseko eta ingelesezko azpitituludun bertsioak ere badaude eskuragai sarean, loturan sakatuta bideratzen den erreprodukzio zerrendan.

 

Bestelakoak: aukeran, nahiago entzun edo irakurri...

Xenpelar Dokumentazio Zentroak jasotako ondarearen zati handi bat dauka bdb.bertsozale.eus atarian. Tartean, "bertsoa" atalean, bertsoaldien bilaketak egin daitezke iragazki bat, bi, gehiago edo batere jarri gabe, eta Bapatean bildumak ere entzungai daude. "Liburutegia"n ere egin daitezke bilaketak eta erreferentzietako zenbait eskura daude Interneten.

bdb.bertsozale.eus 

 

Hedabideak:

Asko dira bertsolaritza jarraitzen duten hedabideak, eta haien argitalpenak eta saioak, gehienetan, eskura daude sarean: Bertsolari aldizkaria, Euskadi Irratiko Hitza Jolas, Euskal Irratietako Punttuka, Hala Bediko Bertxoko, Bilbo Hiria Irratiko Potto, Xorroxin Irratiko Bertsoinka, Tolosaldeko Atariko (H)ari naizela eta Arraio Irratiko Bapateko Unibertsoa, besteak beste.

 

… eta izango dira bide gehiago!