Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Otsailak 15, Aramaio

Aramaioko Izenbakuek eta Bazaar Xanmapelezuin

Aramaioko Izarra elkartean jokatu da otsailaren 15ean E ligako azken saioa. Aurrez aurre Aramaioko Izenbakuek eta Gasteizko Bazaar Xanmapelezuin taldeak izan dira giro ederrean joan den arratsaldean. 14:30etan elkartu gara bezperatik modu dotorean prestatutako bazkaria jateko 35 lagun. Izenbakuek taldeko sukaldariek (eta azken momentuan Kondebasoko Iluek taldeko sukaldariak) lan ederra egin dute!

Bazkal ondoren dena prest saiori ekiteko. Beñat Burgik mikroa hartu eta primeran gidatutako saioa hasteko Aramaioko Alaiak taldekoek bertso idatziak kantatu dituzte koadrilen inguruko hainbat kontu aipatuz. Ondoren bat bateko saioaren txanda etorri da eta bertsolariek beren tokiak hartu dituzte. Aramaioko Izenbakuek taldetik Danel Herrarte, Peru Abarrategi, Andere Arriolabengoa eta Manex Agirre eta Gasteizko Bazaar Xanmapelezuin taldetik Aroa Arrizubieta, Peio Ormazabal, Xabier Antia, Mikel Martin eta Unai Anda aritu dira.

Agur bereziak entzun eta gero modu bizian joan da saioa eta entzuleak gustura egon dira bertsolarien lanak entzuten. Bukaeran herritarren gozamenerako Aramaioko Izenbakuek izan da garailea eta gogoz ospatu dute. Arratsaldea borobiltzeko guztia jaso, bazkarian sobratu den janari kopuru itzela (sukaldariak oso onak dira kantitateak kalkulatzen) tuperretan banatu eta poz pozik joan gara etxera.

Hurrengo fasean elkartuko gara!!!

Hauek dira Aramaioko Papargorri abesbatzak kantatutako bertso idatziak:

Nahiz ta lagunez inguratuta
ez gabiltzan egunero
hor daude beti, laguntzeko prest
ez duzunean espero.
Alaitzen digu umorea ta
bihotza ipintzen bero,
mundua beti da ederrago
kuadrillan bizi ezkero.

Herri txikitan pertsona gutxi
Aramaioko jarduna
Jaio orduko aukeratua
Daukazu beraz laguna
Desastreren bat hiru alproja
Agian norbait txukuna
Kuadrilla batek azal lezake
Zer dugun aniztasuna

Txikitan hasi ta hiltzeraino
Etengabe gorpuztua
Kuadrilak ondo ezagutzen du
Gure alde izkutua
Soberan daude arrazoimena
Albokoaren juzkua
Eskatu gabe beti ondoan
Daukagun babeslekua

Kuadrillan beti dago aukera
zure iritzia emateko
Ingurukoak elkarrizketan
izan kontra edo aldeko
Errespetatuz ta konfiantzan
guztiok bat egiteko
Kuadrilla aukera ederra dugu
Bizitza disfrutatzeko


Gure kuadrilla berezia da,
aitzakia on bat baitu
nahi duguna da, doinuak hartu
ta eztarriak alaitu
nahi dugunean, nahi dugulako
kantuak elkartzen gaitu
zatoz zu ere, gure giroak
umorez jartzen bazaitu.

 

Argazkiak

Argazki gehiago

Albisteak

Arabako Kuadrillarteko lehen faseko liga amaituta finalaurrekoak erabakita geratu dira

Arabako Kuadrillarteko lehen faseko liga amaituta finalaurrekoak erabakita geratu dira

2020/02/17

Kuadrillarteko 4. asteburuko 3 saioak burututa finalaurrekoak erabakita geratu dira. LPR Lautadako Phoemian Rhapsody (Agurain) eta BertsoLARRIak (Mendialdea) berdinketa egin zuten eta Muinoko Katuak Resurrection (Gasteiz) eta Izenbakuek (Aramaio) taldeak izan dira garaile saioetan.

Arabako Kuadrillarteko lehen faseko liga amaituta finalaurrekoak erabakita geratu dira - Gehiago irakurri

Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketa martxan dago

Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketa martxan dago

2020/01/18

Larunbatean, bat-bateko taldeen ordezkariek eta Arabako Bertsozale Elkarteak Arabako Bertso Kuadrillarteko Txapelketa aurkeztuko zuten Aramaion. Txapelketa formatua edukiko du 2020ko edizioak. Guztira 280 parte hartzailetik gora.

Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketa martxan dago - Gehiago irakurri

Fitxa

Eguna
2020/02/15
Ordua
14:00
Mota
Sailkapena
Herria
Aramaio
Tokia
Izarra Elkartea