Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Araba

Urriaren 10ean, Murgiako Palatu Kirol eremuan, Arabako Bertso Kuadrilla arteko finala

2020/10/08
Urtarrilean eman zitzaion hasiera 2020ko Arabako Bertso Kuadrilla Artekoari. Hilabete batzuetako geldialdiaren ostean, larunbat honetan, hilak 10, Murgiako kirol eremuan emango zaio amaiera.

Urtarrilaren 18an hasi zen Kuadrillartekoa. Urtarrila eta martxoa bitartean Araban zehar eta 4 ligatan banatuta 12 saio ezberdin burutu ziren, 3 finalaurreko eta honela finalerako txartela Gasteizko Sumendiola Bete Poto, eta  Aramaioko Izenbakiuek eta Konde basoko iluek taldeek eskuratu zuten. 

Beraz, finala urriaren 10ean, larunbat honetan izango du Arabako 6. Bertso Kuadrillartekoa. Arratsaldeko 17etan hasiko da final handia.

Kantuan arituko diren  Sumendiola bete potoko kideak Julen Martiartu, Gerezti Unanue, Oier Lakuntza, Maddi Juaristi eta Beñat Garaio izango dira. Izenbakuek taldekoak Manex Agirre, Danel Herrarte, Andere Arriolabengoa eta Peru Abarrategi. Eta azkenik, Konde basoko iluek taldean Xabi Igoa, Paula Amilburu eta Martin Abarrategi arituko dira kantuan. 

Gai jartzaile lanetan Aintzane Irazusta izango da eta aurkezle Lierni Altuna ariko da.

Ondorengo ariketak egin beharko dituzte bertsolariek finalean:

-Agur kolektiboa puntuagarria.
- Binaka ofizioka 8 txikian, ondorengo konbinazioetan: A taldeko bat B taldeko baten kontra, B taldeko bat C taldeko baten kontra, C taldeko bat A taldeko baten kontra.
-Aurrekoak (bertsolari neutral bat izango da) atzekoei (talde bakoitzeko kide bat) gaia emanda, atzekoek bertso bana osatu arte.
-Seiko motza, ondorengo konbinazioetan: B taldeko bat A taldeko baten kontra, C taldeko bat B taldeko baten kontra, A taldeko bat C taldeko baten kontra.
-Talde bakoitzeko batek aurkezleak jarritako hiruna punturi erantzun.
-Hiru taldeen arteko ofizioa, talde bakoitzeko bi bertsolari, Iparragirre doinua taldekidearekin erdibana osatuz, gaia emanda.
-Puntuka, gaia emanda, talde bakoitzeko bana, 8ko txikian 6 bertso osatu arte.
-Kartzela egoeran, gaia emanda, taldeko hiru lagunen artean hiruna kopla musikaz lagunduta. Estutzen ez bagaitu bere neurriak doinuan.
-Segidilla, taldekide guztien artean, 3 minutu.

Urtarrilaren 18an hasi zen Arabako Bertso Kuadrillartekoa. Guztira, bat-bateko 12 taldek hartu dute parte lehen fasean, 6k finalaurrekotan eta  hiru pasa dira larunbateko finalera.

Sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean edota egunean bertan eskura daitezke. Bazkideak eta  6-16 urte bitartekoak 4 eurotan, gainontzekoak 6 eurotan. 

 

Urtarrilean hasitako Kuadrilla artekoari irailean helduko diogu berriz, behar diren segurtasun neurriak hartuz: 

-Aforoa mugatua izango da.

-Saioa baino ordu erdi lehenago zabalduko da aretoa, zaleak era mailatuan sartu eta aterako dira ekitaldira, pilaketarik ez sortzeko.

-Jendarteko distantzia mantenduz lekutuko dira jarlekuak eta ez da hauek mugitzeko aukera izango. Jarlekuak saioa aurretik eta ondoren garbituko dira. 

-Sarrerak ez dira zenbakituak, arduradunek esandako lekuan izango dira eserlekuak.

-Maskara jarrita izan behar da uneoro. 

-Bertaratutako zaleei antolatzaileen argibideei kasu egiteko eskatzen zaie.