Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Nafarroa

Bost saio jendetsurekin amaitu da Bardoak ekimeneko lehen fasea

2014/02/24
Asteburuan bost saio izan dira Bardoak taldekako txapelketako lehen faseari amaiera emateko, Uitzin, Etxarri-Aranatz, Leitza eta bi Barañainen. Aurreko saioen gisara, bertsozale erantzun bikaina eta bertsoekin gozatzeko parada ederra izan da. Lehen fasea amaituta, sei talde pasa dira martxoan hasiko den bigarrenera.

Ostiralean hiru saio jokatu ziren, Barañain, Etxarri-Aranatz eta Uitzin.

Uitziko Merkualdea elkartean 50 bertsozale inguru elkartu zen Larraungo Paalletan Mocedades eta Berako Bordboiak saioa entzuteko. Etxeko taldeak Bardoak txapelketan lehen aldiz kantatzen duten bi kide zituen, Joana Ziganda eta Luis Mari Larreta, eta biek ederki gainditu zuten erronka. Bi taldeen agur dibertigarrien ondotik, saio ona joan zen, bertsolariak elkarri entzunez eta elkarrizketa politak osatuz. Saioko puntua Berara joan zen. Merendu batekin amaitu zen saioa.

Uitzi. Arkaitz

Barañaingo Haizea elkartean herriko Barardoak eta Iruñeko 12 obario eta 11 pedrada aritu ziren, 50 bertsozaleren aurrean. Etxeko taldean Manex Mailharin gazteak egin zuen debuta Bardoetan. Saioa iruindarrentzat izan zen.

Etxarri-Aranazko gaztetxean 90 lagun inguru elkartu ziren Sakanako Bilixkorriko eta Baztan-Malerrekako Etxeko kontuk taldeen saioa entzuteko. Saio orekatua izan zen, maila onekoa, bizia eta umoretsua tarteka. Etxeko kontuk taldeak lortu zuen saioan jokoan zen puntua.

Etxarri. Bilixkorriko

Larunbatean, Leitzako Atekabeltz gaztetxean egin zen herriko Beti berandu...ta gauza onik ez eta Lesakako Zortziko haundiena taldeen saioa. 60 bertsozalek bete zuten gaztetxea. Etxeko taldean Aitzol Eizmendik lehen aldiz kantatu du Bardoetan, eta lesakarrenean oraingo honetan Josu Sanjurjok kantatu zuen. Zortziko haundienak eraman zuen puntua eta saioa merenduarekin amaitu zen.

Leitza. Bi taldeak

Igandean jokatu zen lehen faseko azken saioa, Barañaingo Haizea elkartean. 80 lagunek aretoa lepo bete eta giro ederra jarri zuten. Herriko Miluzeko barañetak eta Sakanako Bizkorratxiko taldeak izan ziren kantuan. Herriko taldean lau bertsolarik kantatu zuten, Ander Baiano, Ander Perez, Edurne Errea eta Pablo Perezek. Barañaindarrek eraman zuten saioa.

Barañain. Baiano eta Joxema

Lehen fasea amaituta sei taldek lortuko dute bigarrenerako sailkatzea: Iruñeko Bertze Maldikoak eta 12 obario eta 11 pedrada, Baztan-Malerrekako Etxeko Kontuk, Leitzako Harrapazank, Lesakako Zortziko Haundiena eta Baztango Lepanatuek 2, txipiroien itzulera.

Sei saio jokatuko dituzte bigarren fasean, bi bueltara. Horrela gelditu dira saioak: Zortziko Haundiena-Lepanatuek 2; Bertze Maldikoak-Etxeko Kontuk eta Harrapazank-12 obario eta 11 pedrada.

Saioen datak eta lekuak oraindik erabakitzeke daude, martxoaren 7tik 30era izanen dira, eta datozen egunotan emanen dugu horien berririk. Bigarren fasetik hiru talde pasako dira apirilaren 12an Lesakan jokatuko den Bardoak taldekako txapelketako finalera.

Bardoak 2014
  • Otsailak 7 - Apirilak 12

  • 16 talde

  • 110 parte-hartzaile

  • 60 bertsolari

  • 23 saio