Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Nafarroa

Bigarren fasea amaituta, hiru talde izanen dira Bardoen finalean

2014/03/31
Bardoak taldekako txapelketak bigarren faseko azken lau saio izan ditu asteburuan, Igantzi, Leitza eta bi Iruñean. Orain arte bezala, giro beroa izan da saio guztietan eta bertsozaleen erantzuna ezin hobea izan da. Saioon ostean, Baztango Lepatanatuek 2, Iruñeko Bertze Maldikoak eta Leitzako Harrapazank taldeak sailkatu dira apirilaren 12an Lesakan eginen den finalerako.

Iruñeko 12 obario eta 11 pedrada taldeak eta Leitzako Harrapazank taldeek haien lehen saioa izan zuten ostiralean Iruñean. Giro goxo eta beroa jarri zuten bertara hurbildu ziren 70 bertsozalek eta oso saio parekatua joan zen. Puntua leitzarrek eraman zuten.

Igantzi- Zortziko haundiena

Igantzin izan zen asteburu luzeko bigarren hitzordua. Bertan, haien bigarren saioa zuten Lesakako Zortziko haundiena eta Baztango Lepatanatuek 2 taldeek. Bertso-afari formatuko saioa izan zen, hortaz lehendabizi bapo afaldu eta horren ostean kantatzeari ekin zioten sei bertsolariek, bertan elkartu ziren 65 bertsozaleren aurrean. Baztandarrek lortu zuten jokoan zen puntua eta finalerako sailkatzea.

Igantzi - Lepatanatuek

Larunbatean berriro ere Iruñeak hartu zituen Bardoak. Iruñeko Bertze Maldikoak eta Baztan-Malerrekako Etxeko kontuk taldeek bigarren saio zuten jokoan. 60 lagunaren aurrean ekin zioten kantatzeari sei bertsolariek eta saio bizia eskaini zuten. Etxekoentzat izan zen puntua, baita finalerako sailkatzea ere.

Iruñea - Etxeko kontuk

Azkenik, igandean jokatu zen Bardoen bigarren faseko azken saioa, Leitzako gaztetxean, 60 entzuleren aurrean. Berriro ere, Harrapazank eta 12 obario eta 11 pedrada izan ziren kantuan eta berriro ere oso parekatua joan zen saioa. Leitzarrek eraman zuten puntua eta haiek dira finalerako sailkatu den hirugarren taldea.

Lesakako finalerako sarrerak, salgai

Horrenbestez, hiru taldek abestuko dute apirilaren 12an Lesakako frontoian eginen den Bardoak taldekako ekimenaren finalean: Baztango Lepatanatuek 2, Iruñeko Bertze Maldikoak eta Leitzako Harrapazank.

Finalerako sarrerak dagoeneko salgai daude www.bertsosarrerak.eu webgunean. Finalerako sarrerak 10 euro balio du Bertsozale Elkarteko bazkideentzat, langabetuentzat eta 16 urtetik beherakoentzat, eta 15 euro gainerakoentzat.

Finala amaituta, Bardoen amaierako afaria eginen da Lesakako Linddurrenborda sagardotegian. Afarirako txartelak ere salgai daude www.bertsosarrerak.eu webgunean.

Afarirako zein finalerako sarrera kopurua mugatua da.

Horrez gain, finalerako sarrerak (afarikoak ez) Nafarroako hainbat herritan erosten ahal dira: Lesaka, Bera, Leitza, Lekunberri, Etxarri-Aranatz, Elizondo eta Iruñean.

Langabetu txartelarekin bere sarrera erosi nahi dutenek salmenta gune horietan egin beharko dute haien txartela aurkeztuta, internetez ezin baita langabetuentxako sarrerarik erosi.

Bardoak 2014
  • Otsailak 7 - Apirilak 12

  • 16 talde

  • 110 parte-hartzaile

  • 60 bertsolari

  • 23 saio