Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Araba

Sei bertsolariak Arabako finalerako prest

2017/03/27
Gasteizko Printzipal Antzokian larunbatean jokatuko den Arabako Bertsolari Txapelketako finala aurkeztu du Arabako Betsozale Elkarteak. Sei finalistak gogotsu daude saio on bat egiteko eta txapela janzteko. Karla Santistebanek jantziko dio txapela irabazleari.

Arabako Bertsolari Txapelketako finala larunbatean jokatuko da, apirilaren 1ean, Gasteizko Printzipal Antzokian, 17:30ean.

Finalaren aurkezpena Printzipal Antzokian bertan egin du Arabako Bertsozale Elkarteak. Oier Suarezek aurkeztu ditu sei protagonistak bertan direla:

Manex Agirre (Aramaio)

1982. urtean jaiotako aramaioarra. 2015eko txapelduna da. Bi aldiz eskuratu du txapela. 2013ko Txapelketa Nagusian kantatu zuen.

Iñaki Viñaspre (Abetxuko)

Abetxukokoa, 1984an jaioa. 2004tik edizio guztietan finalista izan da. 2015eko edizioan bigarrena geratu zen.

Oihane Perea (Zalduondo)

1977an Gasteizen jaiotakoa. 2007an, 2009an eta 2013an txapela jantzi zuen. Txapelketa Nagusian ere kantatu du.

Serapio Lopez (Baranbio)

Baranbiokoa, 1982an Laudioko bertso-eskalako sortzailetariko bat da. 1984ko Arabako Bertsolari Txapelketako lehenengo edizioan parte hartu zuen. Aurtengoa da bere bigarren finala.

Xabi Igoa (Aramaio)

1992. urtean jaiotako aramaioarra. Bigarren aldia da finalean parte hartuko duela. Sei finalisten artean gazteena da.

Asier Otamendi (Gasteiz)

Gasteiztarra, 1971. urtean Urretxun jaioa. Lau aldiz irabazi du Arabako txapela. Txapelketa Nagusian kantatu du.

 

2017-03-27 gasteizko finalerako prentsaurrekoaFinalistek nabarmendu dute seikotean eman den transmisioa, belaunaldi ezberdinetakoa izanik batzuk besteen irakasleak izan dira, eta final honetan topo egingo dute. Estutasuna ere, finalean sartzeko estutasuna eta presioa; finaletik kanpo geratu diren maila. Era berean, finaleko saioan egongo den maila, inor ez dela besteak baino gehiago.

Karla Santistebanek jantziko dio txapela irabazleari. Arabako Bertsozale Elkarteak Karlak, urte askotan, egindako lan isila eskertu nahi du. 1946an jaioa Arabako bertsolaritzaren sustatzailea izan da, 1982an Arabako lehenengo bertso-eskola sortu zuen, Aiaraldekoa. Geroztik antolatzailea, gai-jartzailea eta epailea izan da. Karlak aipatu du, txapela janztea Aiaraldeko bertso-eskolari errekonozimendua ematea dela, Arabako bertsolaritzan izan duen aitzindari funtzioarengatik.

Beste sari banatzaileak Arabako bertso-eskoletako ordezkariak izango dira. Honekin, antolatzaileek begi bistan utzi nahi dute bertso-eskolen sarearen funtzioa bertsogintzan, herrikintzan eta euskalgintzan.

Finalerako sarrerak erosteko Printzipal antzokiaren ohiko bideetatik eskuratu behar dira, hauexek: takilean, telefonoz eta antzokiaren web gunean. Sarrera guztiak numeratuta izango dira.

2017 04 01 gasteiz finala