Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Viana eta Uharteko saioekin egingo du aurrera txapelketak asteburuan

2023/10/11
Larunbatean Vianako Kultur Etxean izango da saioa, txapelketaren historian lehen aldiz. Igandean, berriz, Uharteko Arte Garaikideko Zentroak jasoko du emanaldia. Txapelketako bigarren eta hirugarren final-laurdenak izango dira, hurrenez hurren. Sarrerak salgai daude, online.

Pasa den larunbatean abiatu zen 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, Iruritan, 140 entzule ingururen aurrean. Asteburu honetan, berriz, hitzordu bikoitza izango du txapelketak: izan ere, larunbatean Vianan eta igandean Uharten jokatuko dira bigarren eta hirugarren final-laurdenak, hurrenez hurren. 17:30ean hasiko dira bi saioak. Seina bertsolari ariko dira bakoitzean, eta bi saioetako irabazleek zuzenean eskuratuko dute finalaurrekoetarako sailkapena, pasa den asteburuan Sarai Roblesek egin bezala. Gainerakoek, final-laurdenen fase osoa bukatu bitarte itxaron beharko dute sailkatzen diren ala ez jakiteko.

Vianakoa herriko Alde Zaharrean kokatzen den Kultur Etxean izango da, larunbatean, urriak 14, 17:30ean. Bere egitasmoa Nafarroako ahalik eta bazter gehienetara eramateko ahaleginean, lehen aldiz antolatu du Nafarroako Bertsozale Elkarteak txapelketako saio bat Vianan. Sei bertsolari izango dira han kantuan: Julio Soto Ezkurdia, Xabat Illarregi Marzol, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Patxi Castillo Graciarena, Urko Gartzia Aleman eta Aitor Irastortza Arrizubieta. Gai-jartzaile lanetan, aldiz, Zigor Gartzia "Zian" ariko da. Antolakuntzak El Hoyo izenez ezaguna den zonaldeko parkina erabiltzeko gomendioa luzatu nahi die bertaratuko diren entzuleei.

Uharten, aldiz, igandean -urriak 15- jokatuko da final-laurdenetako faseko saioa. Arte Garaikideko Zentroan izango da, 17:30ean. Bertan kantari ariko dira Joanes illarregi Marzol, Ainara Ieregi Aranburu, Julen Zelaieta Irirate, Mikel Lasarte Cia, Beñat Astiz Isasi eta Eki Mateorena Zozaia, Ainhoa Larretxea gai-jartzailearen esanetara. Saio honetan Xabier Silveira zen kantatzekoa, baina txapelketan parte hartzeari uko egin dio Lesakako bertsolariak, borondate propioz: Ainara Ieregik hartuko du bere lekua, bera baita txapelketako aurre-kanporaketa fasetik txapelketara sailkatu gabe gelditu zen bertsolarietan lehena.

Bi saioetarako sarrerak salgai daude dagoeneko www.bertsosarrerak.eus atarian, eta saioetan bertan ere salduko dira leihatilan, 16:00etatik aurrera. Bi saioen ondotik, final-laurdenetako saio bakarra geldituko da jokatzeke, Leitzakoa hain zuzen ere, urriaren 21ean. Orduan zehaztuko da txapelketako finalaurrekoen fasean ariko direnen zerrenda. Guztira, 18 bertsolari pasako dira finalaurrekoetara, txapelketan abiatuko diren 24etatik

Bi saio izango dira asteburuan, Vianan eta Uharten, seina bertsolarirekin.