Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Leitzan jokatuko da txapelketako azken final-laurdena, larunbatean

2023/10/19
Herri Aretoan egingo da txapelketako lehen faseko azken saioa, 17:30ean. Irabazleak zuzenean eskuratuko du finalaurrekoetarako txartela, eta saioa bukatutakoan argituko dira hurrengo fasera sailkatzen diren beste bertsolarien izenak ere.

Iruritatik, Vianatik eta Uhartetik igaro ostean, final-laurdenetan azkena gelditzen zaio jokatzeke 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketari. Larunbatean izanen da saio hori, Leitzako Herri Aretoan, 17:30ean. Ander Aranburu gai-jartzaile dela, bertan izango dira kantuan Eneko Lazkoz Martinez, Josu Sanjurjo Alzuri, Bittori Elizalde Soto, Endika Legarra Nuin, Saats Karasatorre Martinez eta Fernando Ziganda Urdanpilleta. Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Leitzako Udalaren laguntza jaso du saioa antolatzeko.

Saioan puntu gehien biltzen dituen irabazlea zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetako faserako. Dagoeneko Sarai Roblesek, Julio Sotok eta Joanes Illarregik eskuratu dute txartel hori, Iruritako, Vianako eta Uharteko saioak irabazita, hurrenez hurren. Lau saioetako lau irabazleekin batera, beste 14 bertsolari ere izango dira finalaurrekoetan, final-laurdenetako faseko sailkapenaren araberakoa. Hain zuzen ere, larunbateko Leitzako saioa bukatuta jakingo dira horien izen-abizenak. Une honetan, horrela dago sailkapena.

Azaroaren 4an emango zaio hasiera finalaurrekoen faseari, egun horretan Altsasun jokatuko den saioarekin. Beste bi saio ere izango dira, azaroaren 11an Agoitzen eta 19an Lesakan. Horietan erabakiko da finalean ariko diren zortzi bertsolarien zerrenda. Abenduaren 2an jokatuko da finala, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Sarrera guztiak salgai daude dagoeneko.

Sei bertsolari hauek hartuko dute parte larunbateko Leitzako saioan.