Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Joanes Illarregik lortu du puntu gehien Uharteko saioan, eta finalaurrekoetara sailkatu da

2023/10/15
Azaroaren 19an Lesakan jokatuko den finalaurrekorako txartela eskuratu du Leitzako bertsolariak. 220 bertsozale bildu dira Uharteko Arte Garaikideko Zentroan, txapelketako hirugarren final-laurdena bertatik bertara jarraitzeko.

Uharteko Arte Garaikideko Zentroan jokatu da Nafarroako Bertsolari Txapelketako hirugarren final-laurdena, aretoa bete duten 220 bertsozaleren aurrean. Sei bertsolari aritu dira han kantuan, zozketak erabakitako ordenean: Mikel Lasarte Cia, Beñat Astiz Isasi, Joanes Illarregi Marzol, Ainara Ieregi Aranburu, Julen Zelaieta Iriarte eta Eki Mateorena Zozaia, Ainhoa Larretxea gai-jartzailearen esanetara. Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatu du saioa, Uharteko Udalaren eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroaren laguntzarekin.

Saio puntuagarriaren ostean, Joanes Illarregik eskuratu du puntu gehien (384,5), eta horrenbestez, saioa irabazi eta azaroaren 19an Lesakan izango den finalaurrekorako sailkapen zuzena eskuratu du. Haren atzetik sailkatu dira Eki Mateorena (324) , Julen Zelaieta (315), Mikel Lasarte Cia (312), Beñat Astiz (305) eta Ainara Ieregi (261).

Honela geratu da saioko sailkapena:

1. Joanes Illarregi Marzol: 384,5
2. Eki Mateorena Zozaia: 324
3. Julen Zelaieta Iriarte: 315
4. Mikel Lasarte Cia: 312
5. Beñat Astiz Isasi: 305
6. Ainara Ieregi Aranburu: 261

Heldu den larunbatean segituko du txapelketak, Leitzan jokatuko den laugarren eta azken final-laurdenarekin. Herri Aretoan izango da saioa, 17:30ean. Han ariko dira kantuan Eneko Lazkoz Martinez, Josu Sanjurjo Alzuri, Bittori Elizalde Soto, Endika Legarra Nuin, Saats Karasatorre Martinez eta Fernando Ziganda Urdanpilleta, Ander Aranburu gai-jartzaileak gidatuta.

Joanes Illarregi, gaurko saioko irabazlea, saioaren une batean kantari.