Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Finala jarraitzeko bideak eta beste zenbait ohar

2023/12/01
Hedabideen aldetik jarraipen handia izango du biharko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalak. Hainbat bide izango dira zuzenean jarraitzeko, telebistaz, internetez zein irratiz. Bestelako ohar praktiko batzuk ere azaldu ditu antolakuntzak, eta garaiz bertaratzeko deia egin du.

Dena prest da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalerako. Bihar jokatuko da, 17:00etan hasita, Iruñeko Anaitasuna Kiroldegian. Horren harira, hainbat ohar garrantzitsu gogorarazi nahi ditu Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

Finala jarraitzeko bideak

  • Telebistan: Zuzenean, 16:45etik aurrera, ETB4 katean. Ilaski Serrano ariko da aurkezle, eta Aimar Karrika Iribarren izango da iruzkingile. ETB1-ek, gainera, finalaren buruz-burukoa ere emango du, diferituan, bihar bertan, 21:00etatik aurrera. Bestalde, biharamunean, abenduak 3, Hitzetik Hortzera berezia emitituko da, 15:00etan ETB1en, finalaren laburpena eta txapeldunaren elkarrizketarekin.

  • Interneten: www.eitb.eus, www.bertsoa.eus eta www.berria.eus ataritan emango da saioa zuzenean, streamingez. Bertsoa.eus-ek, gainera, biharamunean jarriko du bere atarian finaleko bertsoaldien hautaketa. Gainera, txapeldunari eta gainerako finalistei egindako elkarrizketak ere jarriko ditu ikusgai.

  • Irratiz: Uhinen bitartez ere lau haizetara zabalduko da biharko finala. Euskalerria eta Xorroxin irratiek elkarlanean emango dute zuzenekoa, Miren Mindegia, Reyes Ilintxeta, Ekintza Landa eta Julen Zelaieta esatari direla. Naiz Irratiak ere zuzenean emango du finala, Anaitasunatik bertatik, Ekhiñe Zapiain eta Paola Oskozen eskutik. Euskadi Irratiak, bestalde, hainbat konexio egingo ditu arratsaldean zehar, Eneritz Gorrotxategiren bitartez.

Bestalde, hainbat dira finala aretotik bertatik jarraitzeko akreditatu diren hedabideak, beren paperezko ale, webgune eta sare sozialetan txapelketaren berri emango dutenak.

Beste zenbait ohar

  • Bihar 15:00ak arte eskuratu ahal izango dira sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian. Hortik aurrera, eta saioa hasi arte, aretoko leihatilan bertan ere eskuratu ahalko dira.

  • Sarrerak inprimatuta edo pantailan ekarri beharko dira, beti ere irakurgailu elektronikoan barra kodea irakurtzeko moduan. Sarrera bakoitzak bere kodea du, eta beraz, sarrera berarekin ezingo da pertsona bat baino gehiago sartu.

  • 15:00etan irekiko dira ateak. Antolakuntzak garaiz etortzeko deia egin nahi du, azken orduko pilaketak ekiditeko.

  • Taberna 15:00etatik 17:00etara bitarte bakarrik egongo da zabalik, eta jana eta edaria ezingo dira eserlekura eraman.