2018-...: aldi berri bat irudikatzeko tenorea

Datozen urteetarako Bertsozale Elkartearen helburu estrategikoak zehazteko gogoeta prozesua abiatzera goaz. Ekainean, irailean eta azaroan gauzatuko da. Bazkide guztiok gaude gonbidatuta. Asmoa: elkarrekin elkartearen etorkizuna irudikatzea

Hogeita hamar urteko ibilbide aberasgarria egina du jada bertsolaritzaren mugimenduak. 2006. urtean egin zen elkartearen norabideaz hausnartzeko azkeneko geldialdia. Orduan finkatutako helburuak beteta, berriro pausatu eta elkarrekin etorkizuna ilusioz irudikatzeko unea iritsi da.

[DESKARGATU INFORMAZIO ORRIA]

Horretarako hiru pausotako prozesua gauzatuko da:

  1. Bertsozaletasunari buruzko ikerketa soziologikoaren emaitzen AURKEZPENAK [ekaina] Check ikonoa
  2. Ildo estrategikoen inguruko TAILERRAK [iraila]
  3. Datozen urteetarako helburu orokorrak finkatzeko GOGOETA [azaroa]

 

1.etapa: ekaina - kartela

1. Gauzatu dugun bertsozaletasunari buruzko ikerketa soziologikoaren emaitzen AURKEZPENA egin da ekainean.

Aurkezpen berdina bost egun eta tokitan egin da, bazkideok egokien genuenera gerturatu ahal izateko. Ekainaren 14an, Iruñean; ekainaren 20an Amasa-Villabonan; ekainaren 21ean Durangon; ekainaren 27an Gasteizen eta ekainaren 28an Senperen izan ziren hitzorduak, 18:00etan.

Interesgarria izan da ikertzaileek emaitzen inguruan egin duten analisia entzutea. Aurkezpenak ordubetekoak izan ziren eta ondoren galderak egiteko eta gaiari buruz solasteko parada izan zen. Aurkezpenetan jasotako informazioarekin gogoetarako gai-zerrenda bat atera da, eta horrek bigarren urratsera eramango gaitu...

 

2. Uda ostean izango da bigarren hitzordua, irailaren 22an. Hartu aintzat data hau ere zuon agendatan. Ekaineko aurkezpenetan lehenetsitako gaiak elkartearen ildo estrategikoetan kokatu eta horien inguruko TAILERRAK antolatuko dira: transmisioa, sustapena, Ikerkuntza, oinarri filosofikoak…

Talde txikitan aipaturiko gaien inguruan solastu, horiei buruzko iritziak bildu eta azaroan egingo den gogoetaldirako oinarri izango den dokumentua osatzea da helburua.

 

3. Azaroan datozen urteetarako helburu orokorrak finkatzeko GOGOETA egingo dugu. Azaroaren 10-11 asteburuan izango da. Begirada etorkizunera luzatu eta 10 urteren buruan elkartea non egotea nahi genukeen irudikatzea da ideia. Etorkizunean elkarrekin egingo dugun bidea denon artean erabakitzea da asmoa.

 

Behin norabidea zehaztuta, elkartearen egiturak eta funtzionatzeko moduak helburu estrategikoetara doituko ditugu.

Egunerokotik begirada altxa eta etorkizunera luzatzeko unea da. Aukera paregabea.

Bertsolaritzaren mugimenduari buruzko kezkarik edo intuiziorik izanez gero ez zalantzarik izan: har ezazu parte!