Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Bizkaiko Taldekako Txapelketaren irabazlea Tronperrieta taldea izan da

2019/05/25
Abadiñon Bizkaiko Taldekakoaren finala jokatu da, Tronperrieta, Koipelustre´s eta Miotako Bidelapurrak taldeen artean, eta Tronperrieta taldeak lortu du aurten Taldekakoa irabaztea.

Egun osoko jaia izan da gaurkoa Abadiñon. Eskolartekoarekin hasi da eguna, idatzizkoa lehenengo eta bat-batekoa gero. Egunari jarraipena bazkari herrikoiak eman dio eta 100 lagunetik gora batu dira bazkaltzeko Abadiñoko probalekuan bertan.

2019-05-25 Taldekako finala. Abadiño

Arratsaldeko 17:00etan hasi da Bizkaiko Taldekako finala. Finalistak Iurreta eta Durangoko Tronperrieta, Abadiñoko Koipelustre´s eta Berriz eta Elorrioko Miotako bidelapurrak izan dira. Ondorengoak izan dira gaurkoan bertsotan jardun duten bertsolariak: Tronperrietako Ander Sarriugarte, Eneko Abasolo “Abarkas” eta Gorka Pagonabarraga, Miotako bidelapurrak taldean Miren Amuriza, Iruri Altzerreka eta Gorka Lazkano, eta azkenik Koipelustre´s taldean Txaber Altube, Igor Galarza eta Aitor Bizkarra. Gaiak hiru taldeetako gai-jartzaileen artean prestatu dituzte, eta aurkezle beharra Amaia Ugaldek  eta Ainhoa Urienek egin dute.

2019-05-25 Taldekako finala. Abadiño

Herriko probalekua aterpe beroa izan da bertsozaleentzat  eta giro bikainean egin da saioa. Publikoak zer esan handia izan du, gainera, hiru taldeetako epaileez gain zaleek ere bozkatu baitute. Taldeetako epaileak Erika Lagoma, Miriam Juaristi eta Jose Garaizabal izan dira.

2019-05-25 Taldekako finala. Abadiño

Bizkaiko Taldekakoan, 21 taldek parte hartu dute, eta modu autogestionatuan antolatu dituzte txapelketa osoan zehar saioak. Zorionik beroenak parte hartzaile denei. Finalisten agurren aurretik, talde bakoitzeko ordezkari bat igo da oholtzara oroigarria jaso eta talde argazkia ateratzera. 

 2019-05-25 Taldekako finala. Abadiño

Eskerrik asko hau posible egin duzuen babesle eta laguntzaile eta antolatzaile denei.