Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Urtarrilak 27, Gasteiz Errexala

Errexala eta Beeeeeeertsolariak:

GAU-JAI EDERRA ERREXALAN

Ostiralean, urtarrilaren 27an, bertso-afaria antolatu zuen Gasteizko Errexala taldeak, Gasteizko Errexala elkartean. Ez, ez da potoa. Hori saioan bertan egon zen, eta gogoangarria gainera: Lautadako mito baten jaiotza bizi eta gozatu genuen bertaratu ginen guztiok. 35 bat lagun elkartu ginen, eta bertsolarien artean hasieran kezka bazegoen ere gai errex ala zailak izango ziren, pixkanaka urduritasunak astindu, txalo-zaparradaz busti, eta kantuan nahiz balaka, gau-jai ederra oparitu ziguten.

 Kristina Arteagak arin eta bizi aurkeztu zuen saioa. Eta idatzizko sortari eman zion lehenik txanda, Marta De Pedisen bertso aldarrikatzaileen eskutik. Horren ostean, bat-bateko emanaldia etorri zen. Errexalaren aldetik, oso korala izan zen saioa, bertsolari berriek oholtza hartu eta ausart bete baitzuten. Hor izan genituen elkarren ondoan eta elkarren babesean bertsolari belaunaldi berria eta beteranoa: Ainara Balantzategi, Asier Otamendi, Felipe Zelaieta, Jokin Estepa, Kerman Lopez de Lacalle, Marta de Pedis, Patxi Korta eta Ignacio Trojaola. Beeeeeertsolarien taldeak ondo eutsi zion norgehiagokari, Aitor Najera, Jon Ruiz de Pinedo, Markel Yoller, Beñat Cano eta Oier Arbinak osatutako bostekoarekin.

Afarian jandako ogiak bezalaxe, bertsoetarako gaiek ere izan zuten mamia: ekipajearen gorabeherak, eskiatzeko abenturak, eta sexu-heziketaren buruhausteak, besteak beste. Baina saioak ez zuen horren zapore berezia izango, musikarien ekarpen dotore eta goxoarengatik izan ez balitz: Diego Pallésen gitarrak eta Maialen Fernandezen biolinak luxuzko bidelagun izan ziren, bai bertsolarien ahotsentzat, bai entzuleen belarrientzat.

Azkenik, gauerdi aldera, Juan Altuna, Fernando Sopelana eta Egoitz Iradier epaileek hausnartzeko tartea hartu zuten, eta iritsi zen epaia: Beeeeeeertsolariak irabazle! Bejondeizuela!

Iparralde Gizarte Etxeko bertso lantegiko bertso eskolakoen sorta:

Titulua: "Emakume idazleen eguna sortu da gizonak errudun ez sentitzeko"
Doinua: Betroiarena A

Emakumeon eskutik
badator kultura
munduak egin arren
guri matxura.
Jaio ta sartzen gara
betiko infernura:
irentsi barrura.
gizarte matxista hau
Umeen ardura
da gure klausura.
Arrakalatu da
"macho" diktadura:
birsortzeko batera
daukagu gura!

 

Titulua: "Loteriaren emaitzak"
Doinua: Beste bateko inularretan

Jokatu dugu, berriro ere,
aurtengo loteria.
Pentsatzen dugu, berriro ere,
guretzat dela saria.
Emaitzak emango digu, ziur,
kristonako errabia,
izugarrizko depresioa,
sekulako inbidia.

 

Titulua: "Abortatzerako bidea"

Doinua: Beste bateko inularretan

Itxoiten nago kontsulta honetan
eman arren kriston lotsa.
Sartzerakoan protestariek
diote dela heriotza.
Mediku horrek galdera egin dit
entzun nahi dudan bihotza:
egoera hontan, egia esanda,
egiten zait txit mingotsa.

 

Argazkiak

Argazki gehiago

Albisteak

Giro bikainean joan da 2023ko Arabako bertso kuadrilla arteko ligako lehen asteburua

Giro bikainean joan da 2023ko Arabako bertso kuadrilla arteko ligako lehen asteburua

2023/01/31

Aurrekoan ostiralean hasi zen 2023ko Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketa. Lehen faseko 4 saio jokatu ziren: bi Gasteizen, Oionen eta Laudion. Giro ederra eta umore printzaz beteak igaro dira lehen saioak. Lehen garaileak Bertxilika (Gasteiz), Beeeeeertsolariak (Lautada), Katuko muinoak (Gasteiz) eta Izena pentsau bida (Aramaio) taldeak izan dira.

Giro bikainean joan da 2023ko Arabako bertso kuadrilla arteko ligako lehen asteburua - Gehiago irakurri

Gasteiz, Oion eta Laudiok emango diote hasiera Kuadrillartekoari

Gasteiz, Oion eta Laudiok emango diote hasiera Kuadrillartekoari

2023/01/25

Gasteiz, Oion eta Laudion jokatuko dira 2023ko Arabako bertso Kuadrilla arteko txapelketako lehen faseko lehen lau saioak.

Gasteiz, Oion eta Laudiok emango diote hasiera Kuadrillartekoari - Gehiago irakurri

Maeztun abiatu da Arabako bertso kuadrilla arteko txapelketa

Maeztun abiatu da Arabako bertso kuadrilla arteko txapelketa

2023/01/14

Maeztun elkartu ziren larunbatean Arabako Bertso Kuadrillarteko Txapelketan parte hartuko duten bat-bateko taldeen ordezkariak. Maeztun aurkeztu dute Kudrillek eta Arabako Bertsozale Elkarteak txapelketaren zazpigarren edizioa. Guztira 280 parte hartzailetik gora.

Maeztun abiatu da Arabako bertso kuadrilla arteko txapelketa - Gehiago irakurri

Fitxa

Eguna
2023/01/27
Ordua
20:00
Mota
Final laurdenak
Herria
Gasteiz
Tokia
Errexala Elkartea