Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Agurainen jokatuko da Aramaioko "Izena pentsau bida" eta Gasteizko "Bertxilika" kuadrillen arteko lehen finalerdia

2023/02/22
Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketako lehen finalaurrekoa burutuko da igandean, Aguraingo Zabalarten 18:30ean hasita. Bertan erabakiko da Laudioko finalean, martxoaren 25ean, izango den lehen talde finalista.

Izena pentsau bida (Aramaio)  eta  Bertxilika (Gasteiz)  taldeak izango dira aurrez aurre igandean, Aguraingo Zabalarten. Mokadutxo bat eskainiko da 18:00etan eta saioa 18:30ean hasiko da. 

Izena pentsau bida taldeko kideak Martin Abarrategi, Danel Herrarte, Manex Agirre eta Sabin Abarrategi. Bertxilika taldekoak berriz, Aroa Arrizubieta, Maddi Agirre, Hegoi Amabizka, Samuel Rodriguez eta Eukene De los Aires. 

Gai jartzaile lanetan Irati Martinez ariko da. Saioa hiru epailek baloratuko dute: Iker Elexpuru (Izena pentsau bida), Txomin Elorza (Bertxilika) eta Arabako Bertsozale Elkartearen izenean Ainhoa Aizpurua.

Ondorengo ariketak egin beharko dituzte bertsolariek finalaurrekoetan:

-Agur kolektiboa (ez da puntuagarria)
-A taldeko batek B taldeko batekin ofizioka zortziko nagusian hiruna bertso
-Aurrekoak atzekoei, A taldeko batek B taldeko hiruri eta alderantziz, gai emanda, aurrekoak 3 bertso eta atzekoek bertso bana
-B taldeko batek A taldeko batekin ofizioka zortziko txikian hiruna bertso.
-Hiru punturi erantzun zortziko txikian (B taldeko bertsolariak A taldeko bertsolariari eta alderantziz).
-Asmakizuna A taldeko 3 kideen artean, puntuka, A taldeko batek hitza jakingo du eta taldekideei erantzungo die 3 minututan. Ondoren B taldekoek ariketa berdina.
-B taldeko bik A taldeko biren kontra ofizioka, Iparragirre doinua taldekidearekin erdibana osatuz, gaia emanda audio formatuan.
-Gaia emanda, talde bereko hiru lagunen artean hiruna kopla musikaz lagunduta.

Gainera Aguraingo finalerdian izango da bestelakorik, Iñaki Jauregialtzok buztina eta bertsoak bildu ditu "Lur Bustian bertsolariak" erakusketan.  Eskuz egindako zeramikazko 25 pieza biltzen dira bertan, buztin beltzez eginak, engobatuak eta esmaltatuak. Piezak bertsolariaren irudia eta haren bertsoak jasotzen ditu. Egitasmo honen helburuetariko bat bertsogintza gizarteratzea da, aitzaki ederra Kuadrillarteko finalerdia esanguratsu diren Arabako bertsolariak bertatik bertara ezagutu, partekatu, zabaltzu eta bide batez euskara esparru ludikoarekin lotzea.

ZabalArten zabalduko da erakusketa otsailaren 26an bertan. 

  

Urtarrilaren 27an hasi zen Arabako Bertso Kuadrillartekoa. Guztira, bat-bateko 12 taldek hartu dute parte lehen fasean, eta hiru astez 12 saio egin ondoren 6 talde pasa ziren finalaurreko hauetara. Lehen finalaurrekoa Agurainen jokatuko dabigarrena datorren larunbatean Bastidako Kultur Etxean  eta azkena, martxoaren 12an Murgiako udaletxean.

Finalaurreko saio bakoitzeko garaileak izango dira Laudiko BHI-ko kiroldegian, martxoaren 25ean, abestuko dutenak.