Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Araba

Arabako Bertsolari Txapelketako finala prest! Bertsolariak prest! Txapela prest!

2019/03/26
Larunbatean jokatuko 2019ko Arabako Bertsolari Txapelketaren finala Gasteizko Printzipal Antzokian. Gaur aurkeztu du finala Arabako Bertsozale Elkarteak. Sei finalistak gogotsu eta prest saio on bat egin eta txapela janzteko. Lierni Altunak jantziko dio txapela garaileari.

Arabako Bertsolari Txapelketako finala larunbatean jokatuko da, martxoaren 30ean, Gasteizko Printzipal Antzokian, 17:30ean.

Finalaren aurkezpena Printzipal Antzokian bertan egin du Arabako Bertsozale Elkarteak. Oier Suarezek aurkeztu ditu sei protagonistak bertan direla:

 

XABI IGOA: 1992. urtean jaiotako aramaioarra. Hirugarren aldia da finalean parte hartuko duela.

 MANEX AGIRRE 1982. urtean jaiotako aramaioarra. 2015eko txapelduna da. Bi aldiz eskuratu du txapela, 2011n ere txapeldun izan zen. 2013ko Txapelketa Nagusian kantatu zuen.

 PERU ABARRATEGI: 1997an jaiotako aramaioarra. Lehen aldia da finalean parte hartuko duela.

 IÑAKI VIÑASPRE: Abetxukokoa, 1984an jaioa. 2004tik edizio guztietan finalista izan da. 2017eko edizioan bosgarrena geratu zen.

OIHANE PEREA: 1977an Gasteizen jaiotakoa. 2017ko txapelduna. 2007an, 2009an eta 2013an ere txapela jantzi zuen. Txapelketa Nagusian ere kantatu du.

 AROA ARRIZUBIETA: 2001ean jaiotako gasteiztarra. Lehen aldia da finalean parte hartuko duela. Finalista seikoteko gazteena.

 

Finalisten hainbatetan aipatu dute egindako ibilbidearen fruitu dela finala, belaunaldien arteko loturak goraipatuz, transmisioa, irakasle eta ikasle izandako uneak, euren artean irakasle eta ikasle izan dira hamarkadetako Arabako bertsogintzaren bide honetan. Finalera arteko urduritasunez, bizitako estuasunez, jarritako helburuez, emozioez mintzo izan dira gardentasunez. Finalerako emango dutenaz eta helburu dutenaz ere aritu dira, esandakoen artean goraipatuz euretako edonork txapela jarrita ere pozik hartuko dutela, denek bere buru gainean gustura hartuko badute ere.

 

Arabako Bertsozale Elkarteak bistarazi nahi du Arabako bertsogintzak egin duen azken hamarkadetan egin duen bidea.

 

Txapela Lierni Altuna Ugartek jantziko dio aurtengo txapeldunari. Arabako bertsolaritzan ibilbidea duena 1997an hasi ze bertso eskolan, gerora eta egundaino antolatzaile moduan lan handia egin du eta gai jartzaile taldearen sustatzaile eta parte da. Urte askoan egindako lan isila eskertu nahi dio Arabako Bertsozale Elkarteak.

 

Beste sari banatzaileak Arabako bertsogintzan bidea egindako kideak izango dira.

Finalerako sarrerak erosteko Printzipal antzokiaren ohiko bideetatik eskuratu behar dira, hauexek: takilean, telefonoz eta antzokiaren web gunean. Sarrera guztiak zenbakituak izango dira.