Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Xilabaren lehenengo kanporaketarako dena prest

2014/10/02
Urriaren 4an abiatuko da Silabaz Xilaba... Muskildin jokatuko den lehenengo kanporaketan Aitor Servier, Egoitz Zelaia, Gillen Hiribarren, Mixel Etxekopar, Sustrai Colina eta Xan Alkhat bertsulariak neurtuko dira. Maia Etxart arituko da gai-emaile Muskildiko Posonpesenea gelan. Saioa 17:00etan hasiko da. Sarrerak bertan izango dituzue salgai.

Larunbatean abiatuko da Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko bertsulari xapelketaren laugarren edizioa. Muskildiko herriak hartuko du Xilaba eta bertako Muskildi Bizi elkartearekin elkarlanean antolatu dugu saioa.

Bertsulariak:

Aitor SERVIER

Azkaindarra da eta 17 urte ditu. Donibane-Lohizuneko ikastolako bertsu-eskolan hasi zen 8 urterekin. Hendaiako bertsu-eskolatik igaro ondotik, gaur egun Lizeoko bertsu-eskolan dabil, baita Larraldekoan ere. Eskolarteko txapelketan hainbat aldiz parte-hartu eta sari batzuk jaso ditu. Lehenengo aldiz hartuko du parte Xilaba xapelketan.

Egoitz ZELAIA

Hendaiarra, 1982ko azaroaren 24an jaio zen Donibane Lohizunen. Euskal Ikasketak kurtsatua, AEK-ko irakasle eta bertsu-eskoletako irakasle bezala dabil. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Ikerkuntza arduraduna izan da, eta egun Bertsularien Lagunak elkarteko Ikerkuntza arduraduna da. Hernandorena eta Bagare bezalako sariketetan finalista izan da. Xilaban hau du 3. parte-hartzea.

Gillen IRIBARREN

Itsasuarra. Laugarren aldiz hartuko du parte Xilaban.

Mixel ETXEKOPAR (Gotaine-Irabarne, Xiberoa, 1963) txirularia, kantaria eta bertsolaria da. Lanbidez irakaslea da, eskolarik eskola euskara irakasten du. Hebentik Xiberoako kultura elkarteko arduraduna da. Hiru zuloko txirula jo ohi du (Xiberoako eta Pirinioen mendebaldeko musika tresna tradizionala). Bi disko grabatu ditu Mixel Arotz eta Maddi Oihenartekin batera. Gainera, Gotaine-Irabarneko Xiru jaialdiaren antolatzaileetako bat da.

Lehengo aldiz hartuko du parte Xilaban.

Sustrai COLINA

Zuzenbidean lizentziatua da. Kazetaritza lanak egiten ditu. Hendaiako Bertso Eskolan ibilitakoa da, ikasle hasieran, irakasle gero. Lau aldiz finalista izan da Bertsolari Txapelketa Nagusian. Xilaban ere laugarren aldiz hartuko du parte.

Xan ALKHAT

Bainonan jaioa 1982an. Egun Xiberoan bizi da eta Bertsularien Lagunak Elkartean ari da lanean bertsu irakasle gisa. Laugarren aldiz hartuko du parte Xilaban.

Gai-emailea Maia Etxart izango da. 2012tik ari da gai-emaile lanetan .

Egin beharreko lanak:

12na bertsu puntuagarri

  • Agurrak.
  • 8ko handian ofiziotan binaka, hiruna bertsu.
  • 8ko ttikian ofiziotan binaka, hiruna bertsu.
  • 2 punturi erantzun, eta hitz bat emanda bertsu bat (gehienez 5 puntukoa).
  • Kartzela, 10eko ttikian ofiziotan binaka, hiruna bertsu.
  • Agurra.


Sarrerak:

Saioa Muskildiko Posonpesenea gelan izango da arratsaldeko 17:00etan hasita. 

Kanporaketa eta finalaurrekoetako sarrerak leihatilan eskuratu ahal izango dira egunean bertan.

Finaleko sarrerak jada eskuragarri daude www.bertsosarrerak.eu atarian zein Xiberoa, Lapurdi eta Baxenafarroako hainbat puntutan.

Txapelketari buruzko informazio osoa www.bertsozale.eus/xilaba eta www.bertsoa.com atarietan jarraitu ahal izango da.

 

 

Muskildin izango da Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko 2014. urteko bertsulari xapelketako lehenengo kanporaketa