Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Silabaz Xilaba iritsi da finalerdietara, datorren igandean lehen saioa Larresoron

2014/10/22
Urriaren 04an Muskildin abiatu zen Silabaz Xilaba, Senperetik eta Aiherratik pasa ondoren, datorren igandean urriaren 26 iritsiko da Larresorora... Bertan jokatuko den lehen finalerdian Sustrai Colina, Odei barroso, Xumai Murua, Maddi Sarasua, Xan Alkhat eta Ortzi Idoate bertsulariak neurtuko dira. Maiana Irigoyen arituko da gai-emaile lanetan Larresoroko Herriko gelan. Saioa 17:00etan hasiko da. Sarrerak bertan izanen dituzue salgai.

Igandean jokatuko da Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko bertsulari xapelketaren laugarren edizioko lehen finalerdia. Larresoroko herriak hartuko du Xilaba.

Bertsulariak:

Sustrai COLINA

Zuzenbidean lizentziatua da. Kazetaritza lanak egiten ditu. Hendaiako bertsu-eskolan ibilitakoa da, ikasle hasieran, erakasle gero. Lau aldiz finalista izan da Bertsolari Txapelketa Nagusian. Xilaban ere laugarren aldiz hartuko du parte.

Odei BARROSO

Barakaldon jaioa, hiru urte zituenetik Urruñan bizi da. Bertsularitza eskolak ematen ditu Xibero, Lapurdi eta Baxenabarreko ikastoletan eta bertsu-eskoletan. 13 urterekin hasi zen bertsutan, eta Hendaiako bertsu-eskolan ibilia da. Bi aldiz hartu du parte Txapelketa Nagusian, eta laugarren aldiz parte hartuko du Xilaban.

Xumai MURUA

Jaiotze data:1985/01/17 Sorlekua: URRUÑA (Lapurdi). Ofizioa:Gorputz heziketako erakasle. Bizilekua:AZKAINE (Lapurdi) Bertsuzaletasuna etxean jasoa, bertsu-eskoletan ibilia, geroztik plazaz plaza ari. Aurten laugarren aldiz parte hartuko du Xilaban.

Maddi SARASUA

Ikaslea da. 11 urterekin hasi zen bertsu-eskolan, Uztaritzeko ikastolan. Baiona lizeoko bertsu-eskolan ibili zen, gaur egun Gazteizen da ikasketak egiten. 2012ko Xilaba xapelketan laugarren egin zuen, eta ondoren Txapelketa Nagusian lehen aldiz parte hartu zuen. Xilaban bigarren aldiz parte hartuko du.

Xan ALKHAT

Bainonan jaioa 1982an. Egun Xiberoan bizi da eta Bertsularien Lagunak Elkartean ari da lanean bertsu erakasle gisa. Laugarren aldiz hartuko du parte Xilaban.

Ortzi IDOATE

1977ko urtarrilaren 3an sortua Baionan. Sasi bertsularia Txatok bertsu-eskola muntatu behar ginuela erran zuen arte. Ordutik aitor Sarasuaren erakaspen baliagarriei esker ene burua bertsularitzat izan eta Nafarroa eta Iparraldeko  xapelketan parte hartzea erabaki nuen 1998an (uste dut). Zainen aldetik gaizki pasa nuela eta, taula bertsularitza utzi eta sasi bertsularitzara itzultzea erabaki nuen. Urte anitz pasa ziren berriz ere astero Larraldean biltzen hasi nintzen arte, eta hortik XILABAn nere burua aurkeztea erabaki nuen, berriz ere taula bertsulari bilakatuz. Aurtengoa bigarren XILABA izanen dut.

 

Gai-emailea Maiana Irigoyen izanen da. Lehen aldiz arituko da aurkezle lanetan XILABAN .

Egin beharreko lanak:

13na bertsu puntuagarri

  • Agurrak.
  • 8ko handian ofiziotan binaka, hiruna bertsu.
  • 8ko ttikian ofiziotan binaka, hiruna bertsu.
  • 10eko ttikian ofiziotan binaka, hiruna bertsu.
  • Kartzela bakarka, 2 punturi erantzun, eta gaia emanda 2 bertsu doinu eta neurri librean.
  • Agurrak.

 

Sarrerak:

Saioa Herriko gelan izanen da arratsaldeko 17:00etan hasita. 

Finalaurrekoetako sarrerak leihatilan eskuratu ahal izango dira egunean bertan.

Finaleko sarrerak jada eskuragarri daude www.bertsosarrerak.eu atarian zein Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko hainbat puntutan.

Txapelketari buruzko informazio osoa www.bertsozale.eus/xilaba eta www.bertsoa.com atarietan jarraitu ahal izango da