Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Larunbatean ospatu zen Aiherran XILABA xapelketako hirugarren kanporaketa

2014/10/19
Larunbatean Aiherrako Denen Etxea gelan bildu ziren berrehun entzule inguru, bertan ospatu zen 4. Xilaba honetako hirugarren eta era berean azken kanporaketan. Bertan entzun ahal izan genituen Eneritz Zabaleta, Ortzi Murua, Ortzi Idoate, Patxi Iriart, Odei Barroso eta Ramuntxo Christy bertsulariak. Saioa arratsaldeko 5etan hasirik, bizi bizia iragan zen. Hala nola, astiriko 7etan entzulegoa emaitzak entzunik, Belzuntze elkartearen talo ta edarien goxatzera ateraia zen.

Xilabako hirugarren eta azken kanporaketa izan zen atzo Aiherran jokatu zena. Hirugarrenez, maila ederreko saioa entzun ahal izan genuen. Eta hirugarrenez, gela bete zuten bertsu-gosez hurbilduriko berrehun entzule baino gehiagok. Heldu ziren arratsaldeko bostak, eta esku-zarta artean igo ziren oholtzara Eneritz Zabaleta, Ortzi Murua, Ortzi Idoate, Patxi Iriart, Odei Barroso eta Ramuntxo Christy.

Hastapenean mikroek dardara egin bazuten ere, berehala atera zioten bertsulariek egoerari etekina. “Ea mihiak ibiltzen diren sonoa baino hobeki” bota zuen Barrosok agurrean. Hortik aitzina sonoak ez zuen akatsik egin, eta bertsulariek saio gustagarria eskaini zuten.

Bi Ortziak izan genituen zortziko handiko lehen saioan, biak lantoki bereko langile izanak, eta duela astebetetik langabezian direnak, Murua arranguraturik, eta Idoate, aldiz, uros. Muruak etxea galtzeko kezka azaldu zuen, eta Idoatek elkartasunez “etxerik gabe baldin bazira, etorri nire etxera” erantzun. Ez zezala, ordea, familia osoa ekar. Seriostasuna eta umorea uztartuz hasi zen, beraz, saioa, eta hala segitu zuen, Christy eta Zabaletak osaturiko saioarekin ere. Medikua da Ramuntxo, eta Eneritz semeak, mediku ikasketak hasi bazituen ere, aitari esan dio utzi egin dituela. Saio ederra osatu zuten bi bertsulariek. “Zer uste duzu, aitarendako dena izan dela erretx?” galdegin zion aitak semeari, eta honek, ederki erantzun zion, bokazio gabe prestigio hutsagatik segitzeak zentzurik ez duela azpimarratuz. Patxi eta Odeiren txanda iritsi zen, eta bikotekide homosexualen paperetik kantatzea egokitu zitzaien. Legeak sexu berekoen arteko ezkontza baimentzen duenetik, eztabaida sortu da bikotean. Patxik ezkondu egin nahi luke, eta Odeik, aldiz, zalantzak ditu. Saio bizia egin zuten biek ala biek, “zer da problema, ezkontzarena edo zu eta nirea” hasi zuen saioa Patxik, eta iritzi truke aberats baten ondoren ez ezkontzearen alde agertu zen Odei, azken bertsuan ere, “Ezkontze hutsak dakarrelako dibortzio arriskua”.

Zortziko txikiko lanetan hasteko, Zabaleta eta Idoate hurbilarazi zituen mikrora Iban Falxa aurkezleak. Bikotea izanik, Ortziren familia gomitatu dute etxera lehen aldiz. Azken momentuan ezeztatzeko deitu dute, ordea, telebistan errugbi partida inportante bat ikusi behar dutela eta. Lan polita egin zuten biek ala biek, errugbiaren inguruko hiztegia baliatuz, eta umore finez. Barroso eta Murua izan ziren hurrengoak: Odei bankura joan da mailegu eske, eta Ortzi, ikaskide eta lagun ohia, egokitu zaio parean, hain zuzen, “ekonomian zero ateratzen zuena”, Barrosoren arabera. “Orain ni aritzen naiz zeroak banatzen” erantzun zion Muruak. “Nik soilik nahi dut bost bat eta hamar zero” bota zuen Odeik, fin, eta Ortzik hurrengoan kaputxa hartuta saiatzeko erranaz agurtu zuen. Saio bizi honen gibeletik heldu zen Patxi eta Ramuntxoren txanda, eta saio goxoa izan zen hauena ere. Bi auzo hauek hamar urte pasa dituzte elkarren ondoan bizitzen, baina, orain arte haien elkarrizketak aroaren ingurukoak izan dira. Alta, egun, Ramuntxok Patxiren atea jo du, kafe bat hartzera gomitatzeko. Umore finetik ekin zion saioari Patxik, aroaren haritik tiraka: “Kafean hartzen baitut hodei bat esne nik” bota zion Ramuntxori, eta honek auzoaren ezintasuna ikusirik, “posible da oraino aroa aipatzea” ihardetsi zion. Hala segi dute hitz jokoz hitz joko, Patxik “etxera itzultzen naiz, hemen ez da aro” bota duen arte.

Puntuak erantzun eta hitzari bertsua bota beharra heldu zitzaion seikoteari, eta orohar egoki aritu ziren puntu erantzunetan. Eneritz, Patxi eta Ramuntxok bertsu borobilak osatu zituzten ariketa honetan. Hitzari ere bertso ederrak bota zizkieten seiek. Azpimarratzekoa izan liteke Iriarten banakako saioa. Izan ere, mirailari kantatu behar izan zion puntuei erantzunez, eta entzuleoi Lazkao Txikiren irudia bururatu zitzaigun, ezinbestean. Eta hara non hautatu zuen Lazkao Txikik berak ispiluari kantatzeko erabilitako doinua bere hitzari kantatzeko, omenaldia borobilduz.

Heldu zen kartzelako lanari ekiteko garaia ere, eta Murua eta Zabaleta izan ziren kantatzen lehenak. Jokoa eman zuen hamarreko txikian ofiziotan egiteko prestaturiko gaiak: Bikotea dira Zabaleta eta Murua, eta azken hau preso da. Haurra ukaitearen gaia aspalditik aipatu izan dute biek. Zabaletak orain ukanen luke, eta Murua, aldiz, dudatan da. “Gu bikote normala garenik ez uste, behintzat ama normal bat sentitu nahi nuke” bota zuen Eneritzek lehen bertsuan, ama papera hartuz. Ortzik, ordea, ez du argi ikusten: “abenturan ez zaitut bakarrik utzi nahi”. Idoate eta Iriart izan ziren kantatzen hurrengoak, eta saio ederra osatu zuten hauek ere. Idoatek kanpoan den bikotekidearen paperetik kantatu zion Patxi amari “lasai nik hartuko dut haurraren ardura”. Bisitak nola kudeatu zuen kezka Iriartek, ordea: “Haurtzaindegirik ez da Fleury-Mérogis-en”. Odei eta Ramuntxok egin zuten azken saioa hamarreko txikian, eta bereziki azpimarratzekoa da bi bertsolari hauek erakutsi zuten maila, elkarri erantzunez, eta ale borobilak utziz, entzuleen gozamenerako. Odeik ekin zion, kanpoan den bikotekidearen paperean: “berantago ukaitea ez zaidazu galda, ze orduan berantegi izaten ahal da” bota zuen lehen bertsoan, eta berehala ihardetsi zion Christyk izatekotan ere biak beharko zituela haurrak, bai aita eta bai ama. “Ez da aski izanen zu ateratzeko, baina, lehen urrats bat da libre sentitzeko” segi zuen Odeik, puntuz puntu eramanez bertsua. Arrapostua ere mailakoa jaso zuen Ramuntxorengandik: “ta zer eginen duzu ezin bada lortu? Ez nazazu maitea, zuk ere zigortu”. Elkarrizketa sakon eta goxoa bukatzearekin batera bukatu zen saio puntuagarria.

Odei Barroso izan zen puntuatuena, eta bera pasatu zen zuzenean Larresoron jokatuko den finalerdira. Hala, puntuaketa guztiak esku-artean, erabakirik gelditu dira hurrengo bi finalerdiak:

- Larresoron, urriaren 26an, 17:00etan:

Sustrai Colina, Odei Barroso, Xumai Murua, Maddi Sarasua, Xan Alkat eta Ortzi Idoate.

Aiziritzen, azaroaren 2an 17:00etan:

Maddalen Arzallus, Eneritz Zabaleta, Ramuntxo Christy, Aitor Servier, Patxi Iriart eta Egoitz Zelaia.

Oroitaraz dezagun, halaber, horietarik sei bertsulari sailkatuko direla azaroaren 15eko finalerako