Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Gipuzkoa

Am…ona! eta Karidadeko Benta aurrez aurre, larunbatean Azpetiko Izarraitz pilotalekuan

2017/05/23
Gipuzkoako Herriarteko finala jokatuko da larunbatean Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Aurrez aurre ariko dira, Am…ona! Amasa- Villabonako taldea eta Karidadeko benta Asteasuko eta Zizurkilgo taldea. Saioren ostean, festarekin jarraitzeko, Sanagustin kulturgunean herri afaria egingo da.

Am...ona! (Amasa-Villabona) eta Karidadeko benta (Asteasu eta Zizurkil) taldeak abestuko dute aurrez aurre larunbat honetan Azpeitiako Izarraitz pilotalekuan jokatuko den Gipuzkoako Herriarteko finalean. Haritz Mujika, Joseba Otaegi eta Unai Mendizabal  Karidadeko Bentako bertsolariak dira. Beñat Iguaran, Amaia Agirre, Oihana Iguaran eta Ander Goikoetxea, berriz, Am…ona! taldekoak. 

Iñaki Otaegi (Am…ona!) eta Gurutze Oiarzabalek (Erniarraitz 1) egingo dituzte aurkezle lanak. Igotz Alkorta (Karidadeko benta) izango da saioko gai jartzailea.

Saioa bost epailek baloratuko dute: Oihana Aranguren (Erniarraitz 1, Azpeitia) eta  Jon Ormazabal (Karidadeko Benta), Haritz Garin (Am…ona!) , Alazne Arrillaga (Sarri nahi genuen eta Habana etorri zaigu, Orio), Unai Muniain (Hitza ote hitza, Zarautz).

Ondorengo ariketak egin beharko dituzte bertsolariek finalean:

-          Taldeko agurra (gehienez 5 minutukoa)

-          Ofizioa 8ko handian, 3na bertso (talde bakoitzeko batek)

-          Ofizioa 8ko txikian, 3na bertso (talde bakoitzeko batek)

-          Ofizioa 6 puntuko motzean, 3na bertso (talde bakoitzeko batek)

-          3 puntu erantzun (talde bakoitzeko batek)

-          Bakarka gaia emanda 3 bertso (talde bakoitzeko batek)

-          Segidilan librean minutu bateko 3na txanda (talde bakoitzeko batek)

-          Talde bakoitzari beste taldekoi kantatzeko gaia jarriko zaie, beste taldekoek erantzun egin beharko dute. Ondoren alderantziz.

-          Kartzelako lana: Taldean egoera bat proposatuta koplatan, 4na kopla osatu arte.

Larunbaterako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude salgai. Baita ondorengo lekuetan ere: Azpeitiko San Agustin Kulturgunean, Villabonako Amasa kafetegian, Zizurkilgo Iriarte tabernan eta Asteasuko Iturri-Ondo tabernan. 

Saioaren ostean Sanagustin kulturgunean herri afaria egingo da parte hartzaile guztiekin, Herriartekoari bukaera borobila emateko. 

Herriartekoaren bukaerako jaia

Otsailaren 3an hasi zen Gipuzkoako Herriartekoa. Guztira 38 taldek hartu dute parte lehen fasean, eta sei astez 38 saio egin ondoren 12 talde pasa ziren bigarren fasera. Bigarren fasetik lau talde igaro ziren Alegian eta Bergaran izandako finalaurrekoetara. Lehen finalaurrekoan Erniarraitz 1 (Azpeitia) eta Karidadeko Benta (Asteasu eta Zizurkil) aritu ziren. Bigarrenean, berriz, Osinalde (Gabiria) eta Am…ona (Amasa-Villabona) taldeak izan ziren aurrez aurre.

Herriartekoarekin, Gipuzkoako herrietako bertso mugimendua bultzatu, indarberritu eta ikusarazi nahi izan da. Parte hartzaile guztien txapelketa izan da hau; lehia baino gehiago, gozamena izan da ardatz. Guztiaren oinarria auzolana izan da.